Kirola D ereduan, noizko? Nork eta zer egin genezake gazteen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko? Horixe Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak zortzigarren ediziorako aukeratu duen gaia. Hain zuzen, 8-16 urte artekoen kirola izango da hizpide: antolamendua, araubidea, eskola kirola, kirola eskolak, praktika onak edota etorkizunerako erronkak. Hitzordua Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango da, apirilaren 21ean eta 22an.
“Seguru gaude aurtengo edizioak baduela hizkuntzaren normalizazioan diharduten profesionalentzako mamia eta jakingarria”, adierazi du Jorge Giménez Eusko Jaurlaritzako HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak. “Aurtengo gaia gaurkotasun eta lehentasun handikoa da. Kirol jardunak berebiziko garrantzia dauka gazteen hizkuntza ohiturak finkatzeko. ESEPek (Euskara Sustatzeko Ekintza Planak) lehentasunezko neurriak eta jarduerak proposatzen ditu kirolaren esparruan, eta, horri jarraituta, Eusko Jaurlaritzak ere horrela dauka aurreikusita bere Euskararen Agenda Estrategikoaren helburuetan”.
Jorge Giménezek aurtengo edizioaren beste ezaugarri bat ere nabarmendu du. “Gaiak beste esparru batzuetako profesionalak eta teknikariak ere eragiten ditu, hezitzaileak, kirol monitoreak, entrenatzaileak, kirol kudeatzaileak, etab. eta horrek ezaugarri garrantzitsu bat eransten dio aurtengo edizioari: hizkuntzaren zeharkakotasuna, politika publiko orotan txertatu eta sustatu beharrekoa”.
Mahai inguruak, lehenengoz
Egitarau oparoa osatu da horretarako. Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakariak aurkeztu du zenbait nobedadeekin datorren egitaraua. Guztira, hamar ponentzia, bi mahai-inguru eta elkarrizketa bat bildu ditu zortzigarren edizioko egitarauak.
Antxordokik aurreratu duenez, hiru ponentzia izango dira topaketaren bizkarrezurra. “Horietako batean, EAEko eta Nafarroako 16 urtez azpikoen kirolaren antolamendua eta araubidea azalduko dugu; oso deskriptiboa izango da. Bigarrengoan, ikuspegi juridikotik antolamenduan eta batez ere araubidean egin daitezkeen hobekuntzak proposatuko dira euskararen erabilera indartzeko, ziurtatzeko…. Hirugarrengoak ere, hobekuntzak proposatuko ditu, baina kasu honetan ikuspegi pedagogiko-linguistikotik”.
Ponentzia horiek, hurrenez hurren, Dorleta Ugalde Eusko Jaurlaritzako kirol teknikariak eta Ruben Goñi Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendariak; Iñaki Lasagabaster eta Unai Aberasturi EHUko Ikasmirak Ikasketa juridikoen diziplina arteko ikerguneko arduradunak eta Luis Mari Zulaika EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasleak emango dituzte.
Gainontzeko zazpi ponentzietan gazteen euskarazko kirol jarduna areagotzeko praktika onen berri emango da, gaztetxoen hizkuntza-portaeretan kirolak zein eragin duen aztertzeko abian jarriko den ikerketa baten berri emango da eta, amaitzeko, topaketak utzitako ondorioak eta zenbait proposamen jasoko dira.
Lasarte-Oriako Euskara Saileko lehendakariak aurreratu duenez, aurtengoak badu berrikuntzarik. “Bi mahai inguru antolatu ditugu, eta aurreko ediziotako talde-lanik ez da izango. Mahai inguruak bazkalostean egingo dira, jatetxean bertan. Izena emateko formularioa betetzen dutenean, partehartzaileek mahai inguru bat edo beste aukeratu beharko dute”.
Mahai inguruetan bi gai jorratuko dira: Nola kudeatu euskara gaztetxoen kiroletik elite kiroleraino? eta Nola eragiten ari gara gaztetxoen kirol jarduerako hizkuntzan gure herrian?
Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendari Nagusiak Udaltopen balioa azpimarratu, eta zortzi urteko ibilbidean erreferentziazko topaketa bihurtu dela nabarmendu du, “batez ere, egunerokoan langai ditugun horiei erantzunak ematen ahalegintzen delako eta guztiok egiten dugun lana hobetzea bilatzen duelako”.
Hausnarketarako plaza ere badela aipatu du. “Egiten ari garenaz hausnartzeko, eta batez ere, egiten ari garen hori nola hobetu hausnartzeko. Eta bide batez, esperientziak trukatzeko eta elkarlanak abiatzeko. Orain arte horrela izan da eta aurreratzen horrela izaten jarraitzea nahiko genuke”.
Gazteak, kirola eta euskara uztartuko ditu Udaltopen zortzigarren edizioak. Irizarrek aitortu duenez, “gaia aukeratzea izaten da buruhauste handienetako bat. Udalerri mailan aplikagarriak diren gaiak edota esperientziak ekarri nahi izaten ditugu, eta oraingoan ere, bete-betean asmatu dugula iruditzen zait. Gainera, aurtengo gaiak partehartzaileen eremua zabaltzeko aukera ematen digu. Aurtengo erronka izango da kirolarekin zerikusia daukan jendea guregana erakartzea”.
Izen-ematea
Udaltok Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen dute, Eudelen, Euskarabidearen eta Uemaren laguntzarekin. Zortzigarren edizioa Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean egingo da, apirilaren 21ean eta 22an.
Prentsa agerraldian aurreratu dutenez, izen-ematea dagoeneko zabalik da. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da, izen-ematea atalean. Prezioa 65 € da, eta izen ematea apirilaren 15ean itxiko da. Prezio horren barruan sartzen dira: jardunaldien saioetako partaide izateko eskubidea, hasieran banatuk oden materiala, bi egunetako aho-gozagarriak eta osteguneko bazkaria.
Erantzun
Sartu