Teknologia albisteak

Donostiako 27. Sagardo Eguna, larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia
2012-08-30 : 10:54

Donostiako Sagardo Eguna izango da irailaren 1ean, aurten 27garren aldiz, Konstituzio Plazan, goizeko 11:00etatik 14:00etara. Gipuzkoako 40 sagardogile bilduko dira, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta eta Donostia Kultura eta Kutxaren laguntzarekin. Donostiako Euskal Jaien barruko ekitaldia izango da eta urteroko moduan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 40 sagardotegi izango dira bertan, beren sagardoa probatzera ematen, Plazako arkuetan jartzen diren postuetan. Aurtengo edizioak betiko sagardo dastatzeaz gain berrikuntza dezente izango ditu, urteroko festa handia berritu eta zabaldu eta erakargarriagoa egiteko helburuarekin.

Aurten, 2012ko uztako lehen muztioa eramango da bi Karreto-barriketan idi pareek tirata eta bidean jendeak dastatzeko aukera izango du Garai batean egiten zen moduan, idi pareek Karreto-barrika edo Garliak eramango dituzte Konstituzio plazara, 2012ko uztako lehenengo muztioarekin. Karreto-barrika bat Loiola kaletik aterako da eta bestea Sauesetik eta Konstituzio Plazara arteko bidea egingo dute. Bidean, jendeak lehenengo muztioa probatzeko aukera izango du, ume, nagusi nahiz heldu; izan ere, garai batean sagardoa ez ezik muztioa edateko ohitura ere bazen sagarra jo berritan. Bi idi pareak eta itzaiak goizeko 11:00etan aterako dira, eta jendeari sagardo egunaren berri emanaz inguratuko dira Konstituzio plazaraino. Konstituzio plazan berriz txalapartariek egingo diete harrera, eguerdiko 12:15etan kirikoketa batekin eta sagardogile guztiek, gonbidatuek eta omenduek ohorezko topa egingo dute ordu horretan, plazako oholtza aurrean. Karreto-barrikekin batera bidea egin nahi duten herritarrei Loiola Kalera edo Sauesera azaltzeko deia egiten zaie baserritar jantzian.

Bertsolaritza eta bertsolariak omenduko dira aurten

Donostiako Sagardo Egunean bertsolaritza eta bertsolariak omenduko ditu aurten Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, bertsoak eta sagardoak duten harreman estua azaldu eta bizirik eusteko helburuarekin. Zenbat bertso ez ote da bota kupelen, edo sagardo botilen bueltan, eta zenbat bertso ez ote dute entzun sagardotegietako eta baserrietako tolare eta sagarrondo zaharrek. Donostiako Sagardo Egunean ere urtero izaten dira bertsolariak uztartze horren lekuko eta aurten berak izango dira omenduak Sagardo Egunean. Omenaldia eguerdiko 12:15etan izango da Konstituzio plazako oholtzan Karreto-barrikak eta idi pareak plazara iristen diren momentu berean.

Bertso saioak txotx garaian

Bertsolaritza eta sagardoaren arteko mendeetako lotura ez da omenaldi hutsera mugatuko, eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak bertso saioak antolatuko ditu 2013ko txotx garaian zehar bertako zenbait sagardotegietan. Modu honetan mendeetan zeharreko ohitura bati jarraipena eman nahi dio, gaur egunera egokituta eta saio mota desberdinak prestatu dituzte horretarako. Baina horren berri txotx garaia inguratu ahala emango da.

Sagardo Eguna, helburuak eta bereizgarriak

Donostiako sagardo egunaren bereizgarrietako bat da, Gipuzkoako sagardotegirik gehienetako sagardoa izaten dela aukeran eta sagardogileak berak direla etxeko sagardorik onenak zerbitzatzera inguratzen direnak. Horrek aukera emango dio sagardozaleari nahi dituen sagardoak dastatzeaz gain, sagardogileekin hitz egin eta iritziak trukatzeko. Sagardoa kupelean egiten da, eta botilan borobildu, eta produktua momenturik onenean dastatzeko aukera izango da iraileko lehen larunbatean. Izan ere sagardoa urte osoan edateko da egokia, sagardotegietan kupeletik txotxean, nahiz botilatik urte osoan zehar eta nonahi. 2011ko uztako sagardoak izango dira Donostiako festa handian: sagardo freskoak eta edan errazak izan dira orokorrean, oso frutatsuak usainean nahiz zaporean, aurreko uztakoak baino tanizitate eta kolore bajuagokoak. Iraileko dastatzeak sagardoa promozionatzeaz gain, sagardoaren ezaugarriak zabaltzeko abagunea izan nahi du: graduazio baxuko edaria da, freskagarria eta sagarrak berekin dituen onura eta ezaugarri asko berekin dituena; neurrian edanez gero, oso osasungarria. Bestalde, sagardoaren lagungarri izango dira bakailao tortilla, txorixo eta gazta pintxoak aurten ere. Mezu hori zabaldu nahi du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, nahiz bertako kontsumitzaileei nahiz kanpotik etortzen diren ehundaka bisitariei, Donostiako sagardo eguna guztiok plaza berean elkartzeko gune ezin hobea izaten baita.

EGITARAUA

  • 11:00etan Sagardo Egunaren hasiera. Baso salmenta eta dastatzea hasiko da.
  • 11:00 Karreto-barrikak eta idi pareak aterako dira Sauestik eta Loiola kaletik. Karreto-barriketan uzta berriko lehenengo sagar muztioa eramango dute eta jendeari probatzeko ematen joango dira.
  • 12:15 Karreto-barrikak eta Idi pareak Plazara iritsiko dira. Kirikoketak egingo dio ongi etorria eta argazki ofiziala aterako da sagardogile, gonbidatu eta omenduekin.
  • 12:30 Omenaldia egingo zaie bertsolariei dantzari eta txistulariekin eta bertsolariek saioa egingo dute.
  • 14:15 Dastatzea bukatuko da.

Trikitilariak ariko dira festa guztian zehar Konstituzio Plazan.

Erantzun

Sartu