Komanditario Berriak proiektua sartu da dagoeneko bigarren fasean. Urtarrilean Tabakalerak eginiko deialdi publikoan proiektu ezberdinek hartu zuten parte, eta azkenean, Hernaniko Berdintasun Kontseiluaren inguruan sortutako taldeak eginiko proposamena izan da aukeratua. Hernaniko Andrekale kalearen izena hartu du abiapuntu Hernaniko taldeak bere proposamena jorratzeko.
Behin garatuko den proiektua hautatuta, urte eta erdi inguruko iraupena izango duen proiektua jarri da martxan. Haizea Barcenilla arte irakasle eta komisarioak bitartekari lanak egingo ditu Hernaniko taldearekin, proiektua bera eta harekin lortu nahi dena definitzeko. Ondoren, proiektuak hartzen duen itxuraren arabera bitartekariak artista bat proposatuko dio taldeari paper gaineko proiektu hori arte-proiektu bilaka dezan.
Komanditario berriak
Komanditario Berriak -Les Noveaux Commanditaires- ekimena duela 20 urte Frantzian sortu zen François Hers artistaren eskutik, eta egun Europako herrialde ezberdinetara zabaldu da. Artea egiteko eta ulertzeko beste modu bat da Komanditario Berriak, gizarteak dituen behar edo gogoei erantzunez eta elkarlanean gorpuzten dena. Bitartekari baten laguntzaz, komanditario talde batek artistarekin zuzenean egiten du lan bi urte inguruko sorkuntza prozesu batean, nork bere konpromisoei eutsiz. Hego Euskal Herrian Artehazia elkartea da iniziatiba honen bultzatzaile. Jadanik proiektu bat aurrera eramana dute Bilboko Zorrotzaurreko industriagunearen memoria berreskuratzeko proposamen batekin. Deialdia 2012an egin zen eta aurten amaituko da Andrea Acosta artistak ekoiztutako lan batekin.
Erantzun
Sartu