Teknologia albisteak

Etxepare Lizeoa, Baxoaren emaitzetan onena Frantziako lizeo guztien artean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-03-24 : 09:02

Seaskaren bigarren hezkuntzako ikastetxea, Etxepare Lizeoa, Frantziako Estatuko ikastetxe onentzat jo dute (2315etik lehena). Zerrenda egin ohi du urtero 'L'etudiant' webguneak, eta aste honetan argitaratu du bere 2022ko sailkapena, batez ere ikasleek Baxoa azterketan lortzen duten emaitza aintzat hartuta egindakoa.

Sailkapenak azken bi urteetako bilakaera kontuan hartzen du, kasu honetan 2021 eta 2020ko ikasturte zinez bereziak izan direlarik, Covid pandemia dela-eta, eta horrek berebiziko balioa ematen dio emaitzari. Baxoaren bi modalitateak hartzen dira kontuan, Orokorra eta Baxo Teknologikoa.

Iazko ikasturteko datuei begiratuta, murgiltze ereduan ikasitako 97 ikasle aurkeztu ziren goi mailako ikasketak egiteko giltza ematen duen Baxoa azterketara. Guztiek lortu zuten azterketa gainditzea. Are, %94an «mention» delakoa –nota altua– lortu zuten.

Irizpideei begiratuta, emaitza gordina soilik ez, jatorri sozioekonomiko ezberdinetako ikasleek beraien helburuak lortzeko bidean ikastetxeak erakusten duen eraginkortasunari garrantzi berezia ematen zaio sailkapen horretan.

Kontuan hartzekoa da Etxepare ikastetxekoek borrokan dabiltzala urteetan beren Baxoa euskaraz egin ahal izateko, euskarazko murgiltze ikasketetan ikasitakoa euskaraz defenditzeko, baina Hezkuntza autoritateek ez dute hori baimentzen. Esate baterako, iazko ekainean desobedientzia ekimena burutu zuten lizeoko hamarnaka ikasleek. Filosofia azterketa euskaraz idatzi zuten egoera errotik aldatu behar dela galdetzeko.

Brebeta eta baxoa euskaraz egiteko erreibindikazioak aurrera jarraitzen du beraz.

Erantzun

Sartu