Teknologia albisteak

Barkatu, sistema eragilean Robotikaren Hiru Legeak sartzea ahaztu zaigu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-06-01 : 12:11

Nazio Batuen txosten baten arabera, Libiako gerra zibilean gertatu zen 2020ko martxoan, gerrako drone autonomo batek gizakiei lehen aldiz eraso izana. Urrutitik gidatutako dronbe bat izan barik, sistema autonomoa izan omen da, STM Kargu-2 kuadrikoptero turkiarra. Hiltzeko (eta hegan egiteko) gaitasuna duten robotak sortu ditugu, baina ez dizkiegu Asimovek zehaztu zituen Robotikaren Hiru Legeak sistema eragilean ezarri.

Isaac Asimov-en Ni Robota eleberrian (1942an) agertu ziren "hiru lege" hauek, egileak berak definituta.

  1. Robot batek ezin diezaioke gizaki bati kalterik egin, ezta gizakiak kalterik jasan dezan utzi edo onartu ere.
  2. Robot batek gizakien aginduei men egitera derrigortua dago, betiere lehenbiziko legea urratzen ez badute.
  3. Robot batek bere burua babestu beharra du, betiere honek lehen eta bigarren legeak urratzen ez baldin baditu.

Fikziozko lan baterako sortu ziren, baina harrezkero pentsatu izan da baleko "arauak" izan daitezkeela robotak sortuz gero, hau da, pentsamendu, erabaki eta akzio independeteak egin ditzaketen makinak sortuz gero.

Isaac Asimov_Pentsamendurako gaitasuna duten makinarik ez dirudi sortu dugunik, baina gerrako ingurune batean helburuak zehaztu, eta haiek "neutralizatzeko" (haiei tiro eginez eraso egiteko) gai diren makinak baditugu jada, eta erabaki horien kontrolean ez dago Hiru Legeen arrastorik, dirudienez.

Hildakorik eragin ote duen erasoak ez du argitu txostenak, baina alderdi erasotzailea Turkia izan zela zehazten da, STM Kargu-2 sistemen egilea. Zenbait talde ibili dira borrokan Libiako Gerra Zibilean azken urteotan: Tripoli hiriburu ofizialean mendebaldean dagoen sekzioak Turkiaren babesa du nagusiki, eta ekialdea Egiptok eta Emirrerri Batuek babesten dute gobernu batek kontrolatzen du. Erasoa gertatu eta gutxira, iazko ekainean, su-etena erdietsi zen eta gerra erdi-isilik dago harrezkero, bake prozesu batean daudelarik alderdi desberdinak, baina Libiak gutxi gora-behera bi parteran zatituta jarraitzen du.

Erantzun

Sartu