Teknologia albisteak

#TwitterEuskaraz, mugikorrean baita ere

Erabiltzailearen aurpegia
2016-02-12 : 14:53

Baina lasai, ez poztu gehiegi. Onartzen dut titularra pixkat manipulatua dagoela bisita kopurua igotzeko. Izan ere, euskaraz dagoena ez da Twitterreko aplikazioa, mobile.twitter.com webgunea baizik. Hau da, zure mugikorreko nabigatzailean Twitterrera sartuz gero ateratzen den orria, ordenagailuan erabiltzen denaren mugikor bertsioa.

Pasa den irailean komentatu nuen bezala, Twitter euskaratzeko kanpaina fase berri batean sartu zen, Beta aprobatzaile figura sortuz. Honek Twitter euskaratzeko lanari abiada handiagoa eman zion, aprobatzaile hauen onespenarekin itzulpenak automatikoki onartzen baitira.

Behin ordenagailuko Twitter bertsioaren itzulpena bukatu genuenean, aurretik aipaturiko mobile.twitter.com euskaratzeko proiektua martxan jarri zuten Twitterreko itzulpenen arduradunek. Lan pixkatxo bat egin ostean, itzulpena %68an dago eta emaitzak jada ikusi daitezke.

Esan bezala, proiektua oraindik martxan dago eta beraz, pixkat kuxkuxeatzen hasten bazarete, akatsak, itzuli gabeko esaldiak eta hobetu beharreko itzulpenak ikusiko dituzue. Gogoratu zuek ere lagundu dezakezuela bai arazo hauek konpontzen baita euskaratzeaz falta denari bultzada bat ematen, webgune honetan.

Falta diren 850 esaldi edo stringak euskaratzerakoan, litekeena da Twitterreko arduradunek beste proiekturen bat euskaratzeko zabaltzea. Guk dagoeneko pasa diegu eskaera itzuli nahi dugun hurrengo proiektua aplikazioa dela esanez, baina momentuz ez dugu baieztapenik jaso.

Badakit ez dela Twitter euskaraz erabiltzen dugunetako askoz aspaldi eskatzen gabiltzana, baina aizue, ilusio pixkat ere egiten du!

Erantzun

Sartu