Teknologia albisteak

#TwitterEuskaraz, fase berri bat

Erabiltzailearen aurpegia
2015-09-22 : 15:15

Pasa den astetik aurrera, Twitter euskaratzeko "Beta onartzaileak" sistema martxan jarri du Twitterrek, itzulpenak azkarrago eta zuzenago argitaratzeko. Momentu honetan bi dira euskarara itzulpenak onartzeko baimena duten txiolariak, baina kopurua handitzea espero da.

Urtarrilaren 16ean Twitterrek "beta onartzaile" figura sortu zuen moderatzailerik gabeko hizkuntzen itzulpenen kalitatea hobetzeko. Katalana, esperantoa eta gaelikoa izan ziren figura hau frogatzeko erabili zituzten hiru hizkuntzak. Orain, 8 hilabete beranduago, euskararentzako ere sortu dute figura hori.

Abuztuaren 5ean hasi zen Twitter beta onartzaileak bilatzen, hainbat erabiltzaileri mezua bidaliz. Mezuak Twitter itzultzeko lanetan ibili diren erabiltzaileei bidali omen dizkiete, haiek duten ranking sistemaren arabera.

Hilabeteren ostean, bik onartu dugu (edo biri onartu digute) rol hau izateko eskaintza: @unaitotti eta ni neu, @supro. Gure aukera berrien artean, euskaratutako esaldi, komando edo lerro bakoitza zuzenean onartzea dago. Horrela, Twitterrek itzulpen berriak jartzen dituen aldiro azkarrago ikusiko ditugu euskaraz, lehen itzulpen bakoitzak boto kopuru bat jaso behar baitzuen ikusgarri egoteko. Era berean, gure lanen artean itzulpenen arteko koherentzia eta zuzentasuna mantentzea legoke.

Autobonbo honen ostean, #TwitterEuskaraz egon dadin lagundu nahi dutenei eskaera bat egin nahi diet hemendik. Bi pertsona gutxi gara eta gainera, biotako inor ez gara filologo/itzulpengintzan adituak. Gogoa badugu, baina baliteke hainbat kasutan horrelako perfila duen pertsonen laguntza behar izatea, baita gurekin batera lan egin nahi duen edonorena, itzulpenak azkarrago eskuragarri egon daitezen. Nor egongo litzateke prest?

Gainera, Twittterretik ere jakinarazi digute mobile.twitter.com guztiz euskaratu nahi dutela, baina horretarako lehenago Twitter.com euskaratzez bukatu behar omen dugu. Pentsatu nahi dut mobile.twitter.com euskaratzea gure telefono mugikorretan Twitter euskaraz izateko lehen pausua izango dela...

 

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu