"Hebentik...hona eta hemendik...hunat!" Hori dute lema Zuberoako gure lagunek. Hego, ipar, goi eta behe irauli nahiak, batu gaitu oraingo honetan guztiok. Zuberoako kultur jardunak eta bertako sorkuntzak erakarrita, Azpeitiko Sanagustin kulturguneak ingurumari haietako zenbait sortzailerekin abiatutako harremanetik sortzen da Hebentik...Zubiak proiektu hau eta izatez horren gertu eta sarri horren urrun sentitu ohi ditugun kultur jende eta jardunen erakuslehio izan nahi du gurean.
Hori horrela, otsailaren 7tik 9rako astebururako hainbat kultur adierazpide soil bezain aberasgarriak antolatu ditugu Azpeitian. Eta gure artean izango ditugu Zuberoako kultur jardunean dabiltzan lagunak. Gure aldean errealitate gordina dute euskaraz sortzen dutenek; bitarteko xumeagoak dituzte eta lana neketsuagoa da, baina hala ere, ekoizpen anitza eta zabala dute. Horren erakusleiho izango da asteburua.
Azpeitiko Sanagustin kulturguneak jorratu nahi duen sormenaren atalean beste urrats bat gehiago izango da hau. Maulen biltzen den Hebentik Kultur Elkartearekin izango dugun hartu-eman honetatik ikusi eta ikasi egingo dugu. Ikusi egingo dugu eskaintzeko lan asko dituztelako, eta ikasi, lan guztiak herrigintzatik eta elkarlanetik sortutakoak direlako, hutsetik eta bitarteko askorik gabe.
Milurteko hizkuntza bat berreskuratzeko ametsa
Asteburuko ekitaldiei hasiera Soreasu Antzokian botako dugun Xora filmak emango dio. Zubereraz grabatua dago eta oso film berezia da, Hebentik-ek egindako hau. Beraiek dioten bezala, filma egitearen balorea "profesionaletik haratago balore kualitatiboan" dago: "Luzemetraia honetan badaude hiru faktore egitasmoa berdingabe eta esklusiboa bihurtzen dutenak:
- Sortze bera da bat; berriztatzearen beharrean eta produktu kultural berrien eske dagoen gizarte bati erantzuna eman nahi hori. Zuberoak lan horretan darrai, euskal kultura eta hizkuntzaren suspertze eta gordetze lanean. Eta testuinguru honetan kokatzen da luzemetraia hau zuberotarrez ekoiztearen asmoa. Xora zuberotarrez soilik grabatutako filma da. Bakarra da, lehena, berria.
- “Nola” galderari erantzuten dio bigarrenak. Hau da, ekoizpen sistema eta modua. Hebentik Elkarteak euskal ohituretan oinarrituta, taldekideen konpromezuari helduko dio, hauek eskuzabaltasunez beraien ezagutzak egitasmoaren alde jarriz. Konpromezu eta eskuzabaltasun hau talde lana ulertzeko modu bezala goraipatuz. Ohitura zaharra da euskal tradizioan auzolana.
- 'Babesa' da hirugarrena. Ekimena babestea eta aportazio profesionala egitea beharrezkoa da, konpromesuz, inplikazioz, utopian sinistuta... hauek guztiak oinarria dira, bai, baina ezinbestekoak dira ere ikuspuntu profesionala eta komertziala.
"Xorak utopia eta errealitatea elkartzen ditu. Errealismoa eta ilusioa. Baina batez ere, amets bat posible egitearen asmoa. Milurteko hizkuntza bat berreskuratzeko ametsa". Donostiako Zinemaldian estreinatu zutenetik, hegoaldean filma ikusiko den lehen aldia izango da.
Otsailak 7, ostirala: Soreasu Antzokian / 21:30 / 3€.
Zapatuan, kantua
Ohitura handia dute Lapurdin eta Nafarroan bezala Zuberoan ere kanturako. Ohitura eta abilezia. Hebentik Kultur Elkartea osatzen dutenen artean musikari asko daude, besteak beste, Amaren alabak osatzen duten abeslariak. Hauen kantaera aski ezaguna da. Bada hemen izango ditugu haietako batzuk Baigerako Kantu jira ekimeneko eta Julian Barrenetxea Abesbatzako lagunekin batera Alde Zaharreko kaleetan abesten.
Eta iluntzean, Azpeitiko Sendaezinak taldeak eta Baionako Joxe Replay-k kontzertua joko dute Sanagustin kulturgunean.
Otsailak 8, zapatua:
Kaleetan zehar. 19:00 Kantujira.
Sanagustin kulturgunean kontzertua. Sendaezinak + Joxe Replay / 23:00/ Doan.
Dantza, pilota eta hitza
Igandean, Hebentik Elkarteak sortu duen Pilotarhitza ikuskizuna izango da ardatza. Pilota, bertsoa, zuzeneko musika eta dantza uztartzen dituen emanaldi berezia da. Mixel Etxekopar musikari handia eta Michel Iturria zesta puntalari profesional ohia daude tartean. Ikuskizun bikain honekin amaiera emango zaio Zuberoako lagunekin egindako lehen hartu-emanei. Aurrez ordea, eta Pilotarhitza lanak biltzen dituen arloetan oinarrituta, egun guztian zehar beste ekintza batzuk izango ditugu.
Goizeko hamarretan hasita, Iturria berak eta Ilunpe Pilota Elkarteko lagunek iparraldeko pilota jokamoldeak erakutsiko dizkiete Frontoi Txikira gerturatzen diren haur nahiz helduei. Ondoren, 12:00etan, plazan, Itsasi Euskal Kultur Taldeak, Dantza Suelto Eskolak eta Ikasberriko Guraso taldeak Etxekoparren laguntzarekin Zuberoako dantzak ikasi eta dantzatzeko aukera emango digute. Oso dantza errazak dira, lagun artean egitekoak.
Eguerdian, Hebentik Kultur Elkartearen eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren topaketa izango da. Taldeko argazkia aterako dute eta ondoren bazkaria izango da nahi duten ororentzat. Esanda bezala, 19:00etan hasiko den Pilotarhitza ikuskizunarekin emango zaio amaiera asteburuari. Sarrera izango du emanaldi honek; 8€ aurrez eta 10€ egunean —dagoeneko salgai kulturgunean eta hemen—.
Otsailak 9, igandea:
Pilota. Iparraldeko pilota jokamoldeak / Frontoi txikian / 10:00-12:00.
Dantza. Zuberoako dantza tailer herrikoia / Plazan / 12:00-13:30 —euriarekin, Sanagustin kulturgunean—.
Topaketa. Hebentik Kultur Elkarearen eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren artean / Plazan / 13:30.
Bazkaria.
Ikuskizuna. Pilotarhitza / Sanagustin kulturgunean / 19:00 / 8€-10€.
Interesgarria, berria, herria