LABek jakinarazten du, Osakidetzak euskararekiko eta langileon ordezkarienganako duen jarrera aldatzea exijitu asmoz, asteartean burutuko den Osakidetzako Euskara Batzorde iruzurrezko horretan ez duela parte hartuko.
Osakidetzako LAB sindikatuak salatu egiten du Osasun Saila burutzen ari den Osakidetzako Euskara Planaren tarteko ebaluazioko emaitzen ezkutaketa lotsagabea. Iaz egin eta amaitu zen Elhuyar enpresari esleitutako tarteko ebaluazio hau. Ebaluazio honetan Osakidetzako Zerbitzu Erakundeetako eta Erakundeko osoko Euskara Planaren kudeaketa aztertu zen, tokian tokiko ikuskatzeak eginez eta gaiarekin zerikusia duten pertsonekin elkarrizketak burutuz. LAB sindikatuak jarrera aktiboa izan zuen ebaluazio honetan eta hainbat informazio eskaini zien ebaluatzaileei tokian toki haiekin egindako bilera ugaritan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ebaluazio honen emaitzak eskutan izan bezain laster Osakidetza osatzen dugun eta ebaluazioan parte hartu dugun eragileoi helarazi ordez, ebaluazioa aste luzez ezkutatu eta soilik bere komenentzia kontutan hartuz pentsatutako egitaraua antolatu du ebaluazioa ezagutarazteko. Egitarau honen abiapuntua eta erdigunea Darpon Sailburuak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean astelehenean, otsailak 5, egitekoa den agerraldia da. Pentsatzekoa da, egin ohi duten legez, Osasun Batzorde hau burutzen ari den bitartean Osasun Sailak komunikabideetara aurretik prestatutako kontakizuna igorriko duela, Euskara Planaren ebaluazioaren alderdi baikorrak azpimarratuz, eta bide batez Osakidetzan euskarak gero eta egoera hobea bizi duela eta Osasun Saila euskararekin erabat konprometituta dagoenaren mantra errepikatuz berriro ere.
Darponen agerraldiaren hurrengo egunean, asteartean, Osakidetzak Euskara Batzordea antolatu du sindikatuokin, bertan ebaluazioaren berri emateko. Azpimarratzekoa da hortaz, ebaluazioa iazko burutua zegoen arren Osakidetzako sindikatuok Euskara Batzordera ebaluazio hori aurretik ezagutu, aztertu eta berari buruzko galderak eta iritziak luzatzeko aukerarik gabe joatea erabaki duela Osasun Sailak. Ondorioz, Osakidetzako langileok eta Euskara Batzordeko sindikatuok ebaluazioaren berri lehenbiziko aldiz komunikabideen bidez izango dugu, Euskara Batzordearen bezperan, beti ere Osasun Sailak prestatu eta makilatutako kontakizunaren bidez. Jokamolde honekin Euskara Batzordea elkarlanerako gune baliagarria izatea ezinezkoa bihurtzen da. Are gehiago, lehendik ere Euskara Batzordeen dinamika erabat mugatua zela kontutan harturik. Izan ere, euskararen egoera hobetu eta langile zein erabiltzaileen hizkuntz eskubideak hobetzeko aurreko Osakidetzako Euskara Batzordeetan egin ditugun eskaerek gaurdaino erantzunik ere ez dute izan. Bere interes bakarra, bistan denez, euskarak Osakidetzan bizi duen egoeraren inguruan bere mezua lehena eta nagusia izatea da, gure hizkuntzak osasun arloan bizi dituen begi bistako arazoak eta ezintasunak apaindu eta isildu nahian. Eta horretarako informazio ezkutaketa eta ekarpenak burutzeko eragozpenak tresnatzat erabiltzen dituzte.
Jokaldi mediatiko honen lotsagabekeriaren puntu gorena aste honetan izan dugu: ebaluazio txostena ostiral honetan, Euskara Batzordearen aurretik behar bezala aztertzeko denbora nahikorik gabe bistan denez, jasoko genuela esanez sindikatuoi mezu bat igorri ondoren, hiru egun beranduago beste mezu bat igorri digu Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak, adieraziz ebaluazio txostena aurretik ez, baizik eta Euskara Batzordean bertan emango zaigula. Ebaluazioaren azterketa egin eta horren harira eskaerak egiteko tarterik txikiena ukatu nahi digu sindikatuoi Osakidetzak, hortaz.
Gauzak honela, euskarak Osakidetzan bizi dituen arazoak konpontzeko borondate ezaz gain, azkenaldian euskara baztertzen duten hainbat jokamolde ikusirik, langileen kontratazio gaian adibidez, LAB sindikatua ez dago prest langileon ordezkariak mespretxatzeaz gain euskararen gaia hain modu lotsagabean mediatikoki bere onerako erabiltzea baino bilatzen ez duen antzerki honetako partaide izateko. Ondorioz, LABek jakinarazten du Osakidetzak euskararekiko eta langileon ordezkarienganako duen jarrera aldatzea exijitu asmoz asteartean burutuko den Osakidetzako Euskara Batzorde iruzurrezko horretan ez duela parte hartuko, eta Osakidetza ohartarazten dugu euskararen normalizazioan jarrera ez aldatzekotan aurrez aurre tinko izango gaituela. Horrekin batera LABek Euskal Herriak merezi duen osasungintza euskaldunaren aldeko borroka indartzeko deia luzatzen du.
Erantzun
Sartu