Teknologia albisteak

Osakidetzako zuzendaritzaren iruzurra euskararekin: Hiru adibide

Erabiltzailearen aurpegia
2015-05-22 : 18:23

Borondate falta, kontrol falta, euskararekiko axologabekeria... eta iruzurra. Iruzur eta ilegalidade nabarmen eta lotsagabeak. Langilegoaren kontratazioetan, besteak beste. Hau da Osakidetzako egoera, nahiko orokorra, salbuespenak salbuespen. Osakidetza ezin da egun batetik bestera, euskaldundu, egia da, baino araudia errespetatzearekin soilik askoz aurreratuago izango ginateke. Hiru adibide aipatuko ditugu, panorama zein den erakusteko aldera.

Txagorritxuko Larrialdi Pediatrikoetako mediku eta erizain laguntzaileen aldi baterako kontratazioetan ez da euskararen gaitasuna kontuan hartzen, eta sarritan, euskarazko arreta ez da bermatzen, ez erizainekin, ezta medikuekin ere. Larrialdi Pediatrikoetako unitateetako lanpostu gehienetan araudia jarraituz euskararen ezagutzaren betekizuna eskatu beharko litzatekeen arren, zuzendaritza ugarik, Txagorritxukoak barne, kontratazioetan lanpostuetako euskara eskakizuna saihesten du, lanpostu hutsak bete ordez kontratazio ebentualak eginez eta hauetarako erdaldun elebakarrak hartuz.

Arabako Call Center-ean langileen erdia baino ez da gai arreta euskaraz emateko. Aipagarria da Osakidetzako Informazio Guneetako lanpostu guztiei ezarri zaiela euskararen Derrigortasun Data. Baina, berriro ere, Arabako Call Center-eko kasuan bezala, langileak hartzerakoan bete beharko litzatekeen baldintza hau saihestu du zuzendaritzak, behin-behineko kontratuak eginez, eta unitate honetan dauden langile erdaldun elebakar gehienak kontratu mota honen bidez lotu dira. Araban ez ezik, Osakidetza osoan herritarrei informazioa eskaintzeko guneetan, gaur egun, euskara saihestuz kontratatzen da, nahiz eta gune hauek “lehentasun gorenekotzat” izendatuak egon eta Osakidetzaren Euskara Planean euskararen ezagutzaren betekizuna ezarri zaien lanpostu guztiei.

Unitate edota zerbitzu batean eskaintzen den euskarazko arretan atzerapausoak ematea ohiko bihurtu da, sarritan lanpostuko hizkuntz eskakizunak kontratazio ebentualen bidez saihestu izanaren ondorioz. Opor garaietan egoera hauek masiboki ematen dira eta izaten dute oihartzunik handiena, kexa ugari sortuz. Baina urte osoan ohiko praktika izaten da Osakidetzan, eta herritarrei zein langileen hizkuntz eskubideei eragiten die zuzenean. Adibidez, Bidasoako Ospitaleko Pertsonal Sailean langileei arreta emateko mostradorean atzerapausoa eman da, euskarazko arreta galduz. Kexak zuzendu zaizkio zuzendaritzari, baina ez du egoera zuzendu.

Erantzun

Sartu