Teknologia albisteak

"Nortasuna sarean" doako jardunaldia Donostian urtarrilaren 24an

Erabiltzailearen aurpegia
2018-01-10 : 08:20

Sarera edukia igotzeko orduan ez dakizu nola iritsi zure publikora? Galdera honi erantzuna emateko, Nortasuna Sarean doako jardunaldia antolatu du TaPuntuk Donostian. Datorren urtarrilaren 24an, arratsaldeko 18:30ean, negozioek/proiektuek sarean ikusgarriak izateko gakoak landuko dituen jardunaldia antolatu du TaPuntu Kooperatibak. Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian, sare sozialen eta web-orrien inguruan lan egiten duten profesional ezberdinak bilduko dira hitzaldiak eman eta bertaratzen direnen zalantzak argitzeko.

Enpresa txiki nahiz ertainen arduradunei, zein bere erakundearen nortasuna sareratzearen ardura dutenei zuzendurik, interneten ondo posizionatzeko beharrezko diren oinarrizko ezagutza eta aholkuak eskainiko dira. Helburu garbia du antolakuntzak, enpresa edo proiektuek sarean egoten jakitea eta bide horretan lagundu ahal izatea.

Hizlariak

Bi zati nagusi izango ditu jardunaldiak; hizlariak eta mahai ingurua. 2 pertsonen hitzaldiek osatuko dute saioaren lehen zatia, arratsaldeko 19:30ak arte luzatuko dena. Hasteko Weaddit enpresan Social Media estrategiak garatzen diharduen Nagore Ciarekin web-orriaren barne lanketaz arituko gara, eta AuditorSEOko Xabier Iglesiasekin sare sozialetan ikusgarritasunaren lanketari buruz gehiago ikasiko dugu.

Mahai ingurua

Mahai inguruaren zatian berriz, lau kasu erreal aztertuko dira testigantza bitartez eta modu praktiko batean, euren esperientziaz ikasteko helburuz. Azken zati hau arratsaldeko 20:30ak arte luzatuko da eta David Agirrezabalaga (Mr Euskaldun), Zuriñe Maguregi (Gaztezulo), Xabier Agirre (Juantxo Taberna) eta Gloria Urkola (MeitaiMaitie) izango ditugu solasean bertan, euren lan egiteko eraz hitz egingo digutelarik.

Izen-ematea

Bertaratzeko interesa dutenek izen-ematea www.nortasunasarean.eus web-orriaren bitartez egin beharko dute. Partehartzea doakoa izango da eta interesa duen orori irekia da. Jardunaldia ospatuko den aretoaren espazio mugak direla eta, parte-hartzaile kopurua mugatua izango da. Hori dela eta, TaPuntuko kideek saio honetan parte hartzeko interesa duten guztiak ahalik eta azkarren izen ematera gonbidatzen ditu.

Erantzun

Sartu