Galdera horri erantzuna emateko, Nortasuna Sarean jardunaldia antolatu du TaPuntuk. Datorren urtarrilaren 26an, arratsaldeko 18:30ean, negozioek sarean saltzeko ezagutu beharreko gakoak landuko dituen jardunaldia antolatu du TaPuntu Kooperatibak. Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian, sareen eta online denden inguruan lan egiten duten profesional ezberdinak bilduko dira hitzaldiak eman eta bertaratzen direnen zalantzak argitzeko.
Enpresa txiki nahiz ertainen arduradunei, zein bere erakundearen nortasuna sareratzearen ardura dutenei zuzendurik, interneten saltzera salto egiteko beharrezko diren oinarrizko ezagutza eta aholkuak eskainiko dira. Helburu garbia du antolakuntzak, enpresa edo proiektuek sarean saltzen jakitea eta bide horretan lagundu ahal izatea.
Hizlariak
4 pertsonen hitzaldiek osatuko dute saioa, arratsaldeko 20:30ak arte luzatuko dena. Bi zati nagusi izango ditu jardunaldiak; gakoak eta esperientziak. Gakoen zatian 2 hizlarik euren ezagutzak helaraziko dizkigute. Komunikazio aholkularia den Iraitz Mardariagak online saltzeari buruz hitz egingo du, eta Biantik Kooperatibako Jon Turrillasekin segurtasunari eta alde juridikoari buruz gehiago ikasiko dugu.
Esperientzien zatian berriz, bi kasu erreal aztertuko dira testigantza bitartez eta modu praktiko batean. Arrate Imaz, Loratu.com online dendaren arduradunak, sarean saltzeak ekarri dizkien aukerak azalduko ditu bere bizipenean oinarrituz. Leire Egiarte, Eguzkilore bitxidendako Marketin arduradunak aldiz, denborarekin nola ikas daitekeen adieraziko du, Eguzkilorek eta euren online dendak azken urteetan bizitako eraldaketan oinarrituz.
Izen-ematea
Bertaratzeko interesa dutenek izen-ematea www.nortasunasarean.eus web-orriaren bitartez egin beharko dute. Partehartzea doakoa izango da eta interesa duen orori irekia da. Jardunaldia ospatuko den aretoaren espazio mugak direla eta, parte-hartzaile kopurua mugatua izango da. Hori dela eta, TaPuntuko kideek saio honetan parte hartzeko interesa duten guztiak ahalik eta azkarren izen ematera gonbidatzen ditu.
TaPuntu Kooperatiba
TaPuntu kooperatiba e-marketing, formazioa, diseinu grafikoa, e-commerce eta multimedia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa gaztea da. Gure metodologiak bezeroen online nortasuna modu integralean lantzen du, horretarako beharrezkoak diren ekintzak gauzatuz. Kooperatibari buruzko informazio gehiago, eta orain arteko ibilbidea ezagutzeko: TaPuntu.eus
Nortasuna Sarean 2017 Jardunaldia - Sarea saltoki! from TaPuntu on Vimeo.
Erantzun
Sartu