Teknologia albisteak

Erich von Däniken, gogoan zaitugu

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 08:11

Duela 10 egun hil zen Erich von Däniken idazle "dibulgatzailea". Komatxo artean jar dezagun "dibulgatzaile" delako hori, disparateak asmatzen egin baitzuen bere bizibide editoriala Suitzako gizon horrek. Baina, zer diren gauzak, neuk ere irakurri nuen, eta beste mordo batek ere bai. Eta Von Däniken bezala, genero esoteriko fantastiko gezurrez betetako horretako beste autore batzuen zaletu ere izan nintzen.

Koadrila horretan aitzindari izango ziren Louis Pauwels eta Jacques Bergier frantziarrak, eta beren arrakasta handia, 1960ko hamarkadako hasieran: Le Matin des Magiciens. Von Däniken aurreko bi horien ildotik hasi zen beranduago, baina honek ere kriston pila saldu zuen.

Zera zen, gutxi gora-behera, liburu horietan esplikatzen zutena: estralurtarren bisiten aztarnak zeudela munduko hainbat kulturatan. Haien artean, arkitekturan eta jakintza arkanoetan, alienigenen eragina zegoela. Funtsean tesi arrazista samarra da hori: kultura ustez primitibo eta exotikoetan gauza miragarriak badaude, ezin izan haien sormena (ez baitira gizon zuriak bezain azkarrak inoiz izan), eta espaziotik jasoko zuten ondare hori.

Koadrila horretako beste bat, Charles Berlitz para-psiko gauzen idazlea eta Bermudetako Triangeluaren dibulgatzailea. Espainian, JJ Benitez delako bat (nafarra sortzez), hau ere estralurtarretan eta Jesukristoren bizitza asmatuetan aditua. Nik ez nuen Benitez irakurri baina bai Lobsang Rampa ustezko tibetarraren Hirugarren Begia. Hori ere oso liburu esoteriko edo parapsikotropikoa, ukitu budistekin, baina erabateko asmakuntza egilearen izenetik hasita: Cyril Henry Hoskin zeritzon egileari, protesi-egile ingeles bat zen, disparateen idazle bihurtuta probetxu gehiago egin zuena (irabazien aldetik).

Kontua da gauza hauek irakurri genituenak ez ginela gutxi izan, eta ez garela guztiak aldrebestuta irten (esango nuke). Mastodoneko mezu pare batetik ateratzen dut ondorio hori (batbi). Eta gehituko nuke, horko batean irakurritakoaren haritik, parapsikologiaren erakarmenaz gain, kultura exotiko eta urrunen lilurak erakartzen gintuela irakurketa horietara. Edo behintzat horixe geratu zaigula batzuei barruan, kuriositate bat giza-esperientzia eta kulturenganako. Eragin horietatik, nire kasuan, esoterismoarekiko eszeptizismo totala garatu zait, baina kultura-aniztasunerako grina handi bat ere bai. Eta bi faktore horien konbinaziotik, Wikipedia proiektuari (25 urte bete berri ditu!) laguntzeko gogo zintzo bat.

 

Erantzun

Sartu