Teknologia albisteak

Wikipediak 25 urte bete ditu gaur

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 11:47

Gaur betetzen dira 25 urte Wikipedia sortu zela, 2001eko urtarrilaren 15a baita entziklopedia askearen jaioatza data. Ingelesezko produktu bat zen orduan, baina urte berean, 2001eko abenduaren 6an, sortu zen euskarazko lehen ekarpena. Euskarazko azala eta bertsio beregaina 2003ko azaroan sortu zen, eu.wikipedia.org URL-ean indartsu jarraitzen duena.

Euskal Wikilarien Kultur Elkartea da euskarazko Wikipediaren "gobernantza" editen duen taldea, eta bertako bazkide Galder Gonzalezek artikulua atera du urteurrena komentatuz. Galder Gonzalez, Wikipedian Theklan, ezaguna da pixkat euskal Wikipediako factotum gisa. Bere aburuz Wikipediaren sorrera eta eboluzioa eroa bezain pozgarria izan da: "Eroa zirudien ideia berak: edonork idatzi dezakeen entziklopedia bat. Edo, bestela esanda, zuk ere alda dezakezun entziklopedia bat. Ideia eroa zen, teorian funtzionatzen ez duten horietako bat, baina praktikan funtzionatu zuena. (.,..) Ingelesez gertatu zen aldaketa, Interneteko hizkuntza nagusia izanda. Baina 2001ean bertan zerbait harrigarria gertatu zen: beste hizkuntza batzuetan sortutako Wikipediak ugaritzen joan ziren. Katalana izan zen bigarren hizkuntza, alemana hirugarrena. Laster etorri ziren frantsesa, gaztelania, errusiera, txinera, suediera, arabiera… 2001eko abenduaren 6an DrPolilla izeneko erabiltzaile batek euskarazko lehen edizioa egin zuen: Lurra. Euskarazko entziklopedia askea jaio zen."

Beraz, abenduan beste urteurren hori ospatzeko aukera ere izango da, egutegiari begiratuta Sustaturen 25. urteurrena izan eta egun gutxi batzuk geroago, izatez.

Urteen buruan, euskarazko Wikipedia indartsu dago: abenduan munduko lehen postuan kokatu da oinarrizko 1.000 artikuluen zerrendan. Eta “Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak” egiteko ahaleginean, 17. postuan gaude hizkuntza desberdinen artean (hemen lorpen hauen albistea).

Theklanen aburuz, "Euskarazko Wikipediak 25 urte beteko ditu 2026an. Belaunaldi bat dira hogeita bost urte. Lan itzela egin du belaunaldi honek, Baconen ideiarekin bat: ez bakarka, taldeka; epe luzeko esfortzuaren bidez, eta ekimen kolektibo eta publikoaren bidez".

Goiko aipuan azaltzen den Bacon hori, Francis Bacon da, 16. mendeko filosofo ingelesa; eta munduko ezagutza guztia bilduko zuen entziklopeida bat irudikatu zuen: "Ulertzen dut badaudela lanak pertsona bakar batek egin ditzakeenak, baina ez edozein pertsonak; pertsona askok egin ditzaketenak, baina ez banako batek; amaitu daitezkeenak belaunaldien segidaren ondorioz, baina ez gizaki baten bizitzako hareazko-erlojuaren denboran; eta lor daitezkeenak esfortzu publikoaren bidez, baina ez ekimen pribatuaren ondorioz.”

Asko egin dugu. Asko dugu egiteke. Zorionak guri. Euskaraz, eta libre, egiten ari gara. Kolaboratu Wikipedia euskaraz editatzen, eta egin bazkide Euskal Wikilarien Kultur Elkartean, bazkidetza ezin merkeagoa baita (5 euro urtean). 

Erantzun

Sartu