Teknologia albisteak

Neo-estoizismoa, kontu toxiko samar bat

Erabiltzailearen aurpegia
2025-04-26 : 16:18

(Ttap aldizkarirako egindako audio-kolaborazio baten testua da hau, pixka bat moldatua). Berba edo kontzeptu bat oraintsu ikasi dudana. Neo-estoizisimoa. Filosofo greziar zaharren bizitza-jarrera bat, estoizismoa, horixe ikasi genuen aspaldi. Gauzak datozen bezala onartu, agian plazer txikiekin geratu, ez apeta eta anbizioekin, norberaren oreka estoiko bati eutsi...

Baina neo- aurrizkiarekin datorren hau, estoizismo berria, urruti dago filosofia landua izatetik. Zera da zehatzago: emozioak ezkutatzeko ahalegin kontziente bat, mutil nerabe eta gizon gazteen artean sustatzen edo hedatzen ari dena. Emozioak biguntasuna baitira, eta biguntasuna ezaugarri femeninoa, eta mutilek behar omen dutena da maskulinitatea berreskuratu; indartsu agertu, ez emozional agertu, baizik eta sendo, gogor, neo-estoiko.

Udaberriko modako telesaila, Adolescence, euskaraz Nerabezaroa, Netflixen ikusi duzue agian euskarazko azpidatziekin, edo bazterren batetik pirateatuta, edo norbaitek aipatu dizue.

Telesailean, 13 urteko mutil bati ikaskide baten hilketa leporatzen diote. Lau atal, ondo harilkatuak, telesail dramatiko gogorra da. Tramaren azpian Instagram aipatzen da dexentetan, bullying egiteko plataforma gisa, eta baita nola “manosfera” errealitate nabarmen bat den nerabe protagonistentzat. Manosfera delarik, man edo gizonen Interneteko espazio maskulinisimo hori.

Eta manosferako ezaugarri batzuk dira anti-feminismoa, trans-fobia, lerratze bat eskuin-muturrera... Esan daiteke direla gai nabarmen eta agerikoak. Baina horien ondoan, edo beste modu batean esanda, pozoi hori injektatzeko xiringaren orratzean, beste kontzeptu ustez neutroagoak ere sartzen zaizkie mutil nerabeei: auto-laguntzaren edo aholku nolabait pertsonalen mozorroarekin zabaltzen diren ideiak, eta estoizismoa edo kontrol pertsonal zurrun hori aplikatzea ere hor dago.

Kontuz ibili beraz, ez fidatu estoizismoaz. Neo- aurrizkiz ez datorrenean ere, auskalo zer saldu nahi duten.

Erantzun

Sartu