20 urte bete dira hilabete honetan Sustatu euskarazko webgunea sortu zela. Weblog izen arraro samarrarekin aurkeztu zen 2001eko azaroan, eta gerora, albistegi teknofilo gisa egin du bidea gehienbat. (Honako hau da asteburu honetan irten den Ttap agerkarirako audio bidez grabatutakoa, honako testu bertsioan moldatua, estekekin-eta, horiek funtsezkoak baitira testuan adierazi bezala!)
Testu hutsezko medio bat zen orduan, irudirik ez zuen batere. Bai, ordea, gaur egunean bezala, edonork albiste propioa kargatu edo iruzkinak egiteko aukera. Urte batzuetan hori sarri gertatzen zen, gaur egunean gutxiago. Sasoi batean erreferentzia nagusietako bat zen euskarazko Internet eremuan; gaur egunean informatibo soilago bat da, proiektu indartsuagoez inguratua.
Hala ere, egunero-egunero albisteak argitaratzen jarraitzen du Sustatuk. Eta artxibo batean ditu antolatuta. 20 urteko artxibo bat, egunez eguneko egutegi zehatz batekin. Inork 2001 edo 2002 urteetako URL edo Interneteko helbide bat apuntatu bazuen Sustaturen albiste batekin, puntucom zen hark funtzionatzen jarraitzen du oraindik puntueus-era desbideraketa eginda.
Albiste guztiak gorde dira, eta bere iruzkinak, zer gertatu den alor teknologikoan euskaraz 21. mende honetan. Hala ere, artxibo horretan bertan beste gauza bat ere nabari da, tristeagoa. Klikatzen duzu orduko albisteetan (2002koak dituzue esteka horretan adibide gisa) iragartzen ziren gauza, albiste eta berritasun gehienetan eta ez zoaz inora, apurtutako esteka edo linkak dira. Galdutako artxibo bat da, memoria lauso bat; eskriba batek gorde zuen gertaera haien berri, baina eskriba horren testigantza geratzen da, ez aztarna efektiborik.
Memoria digitala gordetzeari eman diogun garrantzi gutxia penagarria da. Aurten, udaberrian, Frantziako zerbitzari batzuetako sutearen ondorioz, Blogariak.net plataforman zeuden hainbat blog euskaldunen edukiak galdu ziren. Kasu horretan, ez arduradunen erruz, baina kontua da erakundeek ere ez dutela, itxura batean, ezer hausnartu euskararen biltegi digital baten premiaz...
2001ean euskaraz egin zenaz, bitxia bada ere, paperezko artxibategi tradizionaletan material gehiago egongo da seguruenik, forma digitalean baino.
Zorionez, badaude ekimen batzuk, Sustatu bezala, 2001ean sortuak, oraindik sarean daudenak: Armiarma proiektua, Dantzan.com (orain puntu eus), Wikipediaren beraren euskarazko lehen artikulua ere 2001eko abendukoa da; Uztarria.com sareko lehen tokiko hedabidea 2001ean ez, baina 2002ko urtarrilaren 1ean sortu zen...
Ekimen hauetako lagunak 20 Urte Euskaraz Interneten topaketan elkartuko gara datorren azaroaren 26an. Sustaturen urtebetetze jaia izango da, baina hori baino gehiago: ekimen hauen garrantziaren gogorakizun bat, eta memoria digitalaren aldarrikapen bat.
Erantzun
Sartu