Egunean Behin jokoaren inguruan antolatu dugun Programazio Lehiaketa aurkezten izan nintzen EHUko Informatika fakultatean joan den asteartean (bideoa dago). Adibide sorta bat aurkeztu nien bertaratu ziren 30 lagunei, eta ideia edo bide zehatz baten gainean, Wikipedia-Wikidatatik nola atera datuak, luzeago idatzi nuen jarraian Euskal Wikilarien Elkartearen webgunean. Laburpen bat ekarriko dut hona.
Egunean Behin jokoan euskarazko Wikipediako datu eta irudi askoren galderak agertzen direla badakite erabiltzaileek. Jokoaren gakoetako bat izanik milaka galdera behar direla, Wikipediako datuak erabili ahal izatea funtsezkoa zaio CodeSyntax-i, jokoa egin duen enpresari. Euskarazko Wikipedia ez balego, askoz zailagoa izango zen Egunean Behin programatu ahal izatea eta, dudarik gabe, tristeagoa izango zen jokatzea ere.
Wikipedia gauza sendo bat da: edozeinek ikusten du hori. Jope, zelako "munstro informatiko ondo antolatua izan behar duen honek", pentsatzen nuen nik ere barrutik tripak pixkat ezagutu aurretik. Baina behin Wikipediaren edizioan barneratuta, beste modu batean ikusten hasi nintzen: munstro gau elkarrekin bat datozen hiru gurpileko mekanismo bat da batez ere. Wikipedia bat barik, hizkuntza bakoitzeko wikipedia bat dago; eta horietako bakoitzarekin lotuta daude beste bi gurpil handiak: Commons irudi eta multimedia edukien biltegia; eta Wikidata, datu egituratuen datubasea. Eta Wikipediak ugariak diren bezala, hizkuntzak bezainbeste, Commons eta Wikidata baliabide bakarrak dira, baina partekatuak. Nik hirutasun baten gisara irudikatzen ditut:
Horra hirutasuna, eta aldamenean, gure eliza partikularra, EWKE. Irudiko elementu horietarik, denok bisitatzen dugu Wikipedia sarri, jakin barik trinitatearen adarrak ere hor direla. Bisitatu edozein artikulu euskaraz, eta aldameneko zutabean, irudi hau duzue ikonookin:
Artikulu arrunt bat, edozein: Pagoda, eraikin erlijioso asiatiko horiek... Hor duzue euskaraz, baina ikonoan klikatuz iritsiko zara Wikidatako Q199451 elementura, zeinak definitzen duen zer den pagoda bat.
Hemen duzue beste orri bat, Karmele Jaio idazlearena. Berak ere badu Wikidata lotura, eta betea du hiztun propietatean (P1412) euskara dakiela... baina, adibidez, ez ote daki beste hizkuntzarik?
Inork badaki gehiago Karmele Jaiori buruz gehiago, bete beza https://www.wikidata.org/wiki/Q12261321 alorra, eta adierazi dezala hizkuntza gehiagoren hiztun ere badela... Adibide zozo bat da, baina Wikipedia bera bezala, Wikidata elementuak ere horrela aberastu eta osatzen dira, guzion ezagutza eta kolaborazioarekin.
Orduan, bada, Egunean Behin-eko galderak ateratzeko bidea, Wikidata izan ohi da. https://query.wikidata.org zerbitzua erabiltzen dugu. Bertan adibide batzuk agertzen dira, eta askoz gehiago ingelesez osatutako biltegi honetan.
Bilaketa bat egindakoan, gainera, helbide labur bat eraiki dezakezu, eta horrek gogoratzeko balio dizu, bilaketa gordeta izateaz gain haren gainean beste batzuk bilatzeko. Hona adibide bat, https://w.wiki/4SB zeinak ematen dizkigun Euskal Herrian kokatutako udaletxeen irudiak (aldi berean berezko artikulua dutenak). Egin klik URL horretan, eta eman Play botoi urdinari. Ondoren, emaitzak agertzen dira, eta funtzio barra bat.
Barra honetan ezkerreko begian klikaturik, emaitzen bista desberdinak lortzen dira. Download emanik, jaitsi daitezke emaitzak, eta horra, erraz-erraz, Egunean Behin-erako galdera sorta bat: "Nongoa da udaletxe hau? <irudia> | Herria". Galde-erantzun zuzenak behintzat, bertan leudeke; hori bai, programazio pixkat gehiago gehitu behar da erantzun okerrak sortzeko.
Udaletxeen eskaera horri begiratu diezaiogun apur bat:
Batetik, lerro luze batean Euskal Herriko eremu geografikoa definitzen da, formula baten bidez (zazpi herrialdetako estatu independente bat ez garen artean, hala beharko du), eta azpimarratu dut halaber Udaletxe bat (eraikin mota) definitzen duen Wikidata elementua. Q543654 beste elementu batzuekin ordezkatu, eta beste hainbat argazki-artikulu lortuko dituzu. Adibidez, Q16970 elementua idatziz gero, dozenaka eliza. Q199451 idatziz gero, seguruenik batere ez, pagoda (!) bat definitzen duen wikidata elementua baita, gorago aipatu dugun eraikin mota hori.
Beraz, horrela arakatzen dugu Wikidata, Query zerbitzuaren bidez (eta oso baliagarri zaizkigularik Galder Gonzalez wikilariak eman zizkigun pista batzuk)… Esplorazioa, esan dezagun. Izatez, query horietako eskaerak Wikidatatik zuzenean ateratzeko Pywikibot Python programa erabiltzen dute nire lankide informatikariek. Hemen adibide bat dokumentatuta (honetan utziko dut hau, beste azalpen teknikoago baterako gaia da).
Amaitzeko, gogoratu martxan dela lehiaketa hori, martxoaren 15a arte, galderak sortzeko programazioa egitekoa:
Erantzun
Sartu