Teknologia albisteak

Egunean Behinerako galde-erantzun automatikoak sortzeko lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia
2020-02-05 : 12:24

Egunean Behin aplikaziorako galde-erantzun sistematiko edo automatikoak sortzeko lehiaketa antolatu dugu CodeSyntax-ek, UPV/EHUko Informatika Fakultateak eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak. Informatika ikasleei zein programazioaren zaletu guztiei irekia (Unibertsitate honetakoak izan ala ez). Otsailaren 11tik martxoaren 15era egongo da irekita proposamenak aurkezteko epea.

Lehiaketa epea: otsailak 11 - martxoak 15.

Sariak: 500 euro proposamen irabazlearentzat, eta bost akezsit, 100 eurokoak.

Oinarriak: https://labur.eus/ebehu2020

Aurkezpen irekia

  • Noiz: Otsailak 11, 15:30.
  • Non: UPV-EHUko Donostiako Ibaetako Campuseko Informatika Fakultatean, Ada Lovelace aretoa.

Ekitaldi hori irekia izango da, bertako ikasleentzat zein kanpoko bisitarientzat, eta han zenbait adibide eta koxka azalduko ditugu. Adibide eta ideia posibleen artean, aurkezpen honetan agertzen direnak azalduko ditugu:

Zer nolako lanak espero ditugu?

Programazioko bi adibideko Github biltegian jarri ditugu https://github.com/egunean-behin helbidean. Batarekin, poligonoak marrazten dira, eta gero zenbaketa ariketa proposatzen zaio jokalariari, Python lengoaiarekin egindako programa batekin. Besteak, Wikipedia arakatzen du, Wikidata datutegiko perretxikoak zehazki, eta hauen argazki eta izenekin jokatzen da galderak sortzeko.

Horiek bezala, datutegi ireki batetik zein bestetik, edo programazio hutsez sortutako galderak eskuratzea espero dugu. Azalpen orri edo dokumentazio argia eskertuko da, noski, eta zenbait puntu baloratzen dira oinarrietan. Ideien originaltasuna da puntu horietako bat; hor goian itsatsitako aurkezpenean ideia batzuk itsatsi ditugu, baina ea zer dakarren jendeak.

Adibidez, goiko adibideen aurkezpenetik, hona bat. Badugu metodoa Euskal Herriko hainbat puntu Google Maps bista batean kokatzeko. Baina hedatuko bagenu, beste edozein hiri edo eskualdetan X puntu marrazteko aukera batera? Hemengo eskubiko adibidekoa egiteko, beharko genuke, adibidez, OpenStreetMap-etik Donostiako area edo bounding box bat lortzeko metodoa, eta horren gainean, Wikidatatik Donostiako N elementuren latitude-longitudeak eskuratuz...

Galderak, noski, Egunean Behin-eko formatukoak izan behar dira. Erantzunak beti hiru dira, testualak (galderan irudi bat egon daitekeen arren), eta komeni da ez bakarrik galdera zuzena ematea (nola ez!), baizik eta bi okerrak ere logika jakin batekin ematea. Euskal Herriko herriak asmatzea bada kontua, eta Tutera bada erantzun zuzena, erantzun okerrak ere Euskal Herriko beste toki batzuk izatea komeni da (adibidez, Agurain eta Tolosa), eta ez, demagun, mundu zabaleko ausazko bi hiri (adibidez, Managua eta Novosibirsk).

Bereziki interesgarria izan liteke Wikipedia erabiltzea. Github biltegiko adibide batean, hala egin dugu perretxikoei buruzko galderak ateratzeko, hor goiko aurkezpenean beste adibide bat aurkeztu dugu, eta Informatika Fakultateko aurkezpenean honetan gehiago sakontzea ere espero dugu, interesa dutenentzat. Wikipediatik datuak lortzeko Query Wikidata zerbitzuaren (ikus adibideak) erabilpenaz laguntza berezia eman zigun Euskal Wikilarien Elkarteko Galder Gonzalez wikilariak, eta bereziki eskertu nahi diogu hori. Gonzalezen pistetatik sortua da Query Wikidata adibide hau, https://w.wiki/4SB. Euskal Herriko udaletxeen argazki eta artikuluen zerrenda lortzen da hortik. Hortik, galdera sorta bat egitea (Nongo udaletxea da hau?) errazago dago.

Jasotako proposamenak libreki banatzekoak izango dira, berrerabilgarriak jokoan (eta beste edozein kontestutan, GPL lizentziaren askatasun eta baimenekin), eta publikoki argitaratuko dira https://github.com/egunean-behin biltegian.

Animo beraz. Hasi pentsatzen, eta pixkat gehiago jakiteko, errepasatu oinarriak, idatzi galderalehiaketa (a bildua) codesyntax.com helbidera, edo etorri, ahal baduzu, otsailaren 11ko Informatika Fakultateko aurkezpenera.

Erantzun

Sartu