Gaur ere, zig-zag eginez etorri naiz lanera, autopistaz, Donostiatik Eibarrera. Duela bi urte azaldu nuen zergatik Sustatun bertan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren deskontu sistema bitxiaren ondorioz, hilabete hasieran bidaia labur mordoa egitea komeni da. Baliteke, dena den, sistema hau aldatzea. Onerako, izan ere, Foru Aldundiko arduradunek esan dutena egia bihurtzen badute. Gipuzkoarren gehieneko autopista gastua 25 euro izatea hilean.
Hala azaltzen du Foru Aldundiak neurria, prentsa oharrean:
Gipuzkoar bakar batek ez ordaintzea 25 euro baino gehiago hilean herrialdeko autopistetan. Alegia, gehienezko gastu muga ezarriko dugu. Honekin lortuko dugu autopisten gatibu diren gipuzkoarrek dirutza ez uztea autopistetan, eta gipuzkoarren arteko orekaren bidean urrats bat da.
Grafiko bat ere jarri dute oharrean, eta haren moldaketa bat da hemen itsasten dudana:
Neurriak eragina luke Gipuzkoako ordainpeko autobideetan, AP-8an (Lapurditik Ermuraino), eta AP-1ean, Maltzagatik Arabaraino. Deskontu horiek eta muga horiek izateko ezinbestekoa izango da deskontudun Via-T teleordainketarako gailua izatea. Hori lortzeko, zergak Gipuzkoan ordaintzen dituzula demostratu behar duzu eta kontua eduki banketxeren batean (nik dakidala Kutxa-Kutxabank edo Euskadiko Kutxan lortu daiteke, ez dakit besteren batzuetan). Diputazioak uste du Gipuzkoako 15.000 familiarengan izango lukeela eragina neurriak. Neurean bai behintzat!
Ordainketa topeak, jakina, diru-sarreren gutxitzea lekarkioke Bidegi enpresa kudeatzaile publikoari. Sekulako zorrak ditu enpresa horrek (zerikusia ote du Borja Jauregi Hondarribiko alkate jeltzale ohiaren kudeaketak horretan?) eta honekin, bistan da, hori ez litzateke zuzenduko. Diputazioak dio 1.2 milioi euro gutxiago jasoko lituzkeela Bidegik (hilabetean ote? ez dute esaten). Baina aldi berean, aplikatuko balitz proposatu izan duten neurri bat, udan tarifak igotzea, horrekin 2 milioi euro gehiago jasoko omen lirateke. Berriki, proposamen hori atzera bota du oposizioak Batzar Nagusietan duen gehiengoarekin. Horretaz, egia esan, pozten naiz: nik ez dut nahi udan gehiago ordaindu, gehienezko ordainketaren sistema hau ezarri artean bederen.
EAJ-k gogor kritikatu du iragarritako neurri hau. Jeltzaleek diotenez, agenda ezkutua dago honen atzean, Gipuzkoa osora hedatzea ordainsari sistema. Bada, honetan, horixe ere ondo legokeela uste dut nik! Izatez, uste dut horixe dela logikoena eta bidezkoena. Bi karrileko autobide guztietan ezarri sistema, eta gipuzkoar guztiei eman aukera 25 euroko topea ordaintzeko.
Hortaz, agenda ezkutua ageriko agenda bihurtzea eskatuko nioke Bilduko foru aginteari. Egiteko aurrera neurri honekin, eta ezartzeko bidesari sistema Gipuzkoako autobide guztietan. Izatez, zaila zait ulertzea zergatik den doan Leitzarango autobidea edo Goierritik Deskargaraino doana, eta aldiz ordainpekoa Eibartik Zestoarakoa edo Eskoriatzarainokoa. Inoiz pentsatu izan dut halako arau bat dagoela idatzita gure patuan: Eibarren bizi bazara, bertatik bi karrileko bidetik irteteko, ordaindu egin behar duzu (edozein norabidetan irtenda ere); Beasainen bizi bazara, ordea, bi karrileko bidetik irtetea doan da.
Hortaz, uste dut neurri hau ona eta bidezkoa dela. Delako "agenda ezkutu" hori ere egia bihurtuko balitz, hobeto. Izatez, gauza bat luke gauza bien konbinazioak ona: gardena, sinplea eta denontzako modukoa da.
Gardentasun ariketa ona litzateke. Izatez, ez dut uste honetan oso argi azaldu izan direnik gauzak. Duela hilabete batzuk informazio kanpaina baten panfletoa iritsi zitzaidan esku artera, eta ulertezina zen guztiz: ez zegoen jakiterik ze kristo esan nahi zidan Diputazioak horretan (behean itsatsi ditut orriak, ikus dezazuen).
Oraingoa, bai, argia da, 25 euroko topea. Are argiago litzateke honelaxe izango balitz: 25 euroko topea, Gipuzkoako autobide guztietan.
Ona artikulua. Sala i Martinek autobide ordaindu eta doakoen arteko desorekaren okerra ondo deskribatzen du, Espainia osoko eskalan. Hala ere, ez du planteatzen ordainketaren kasuan bertakoen eta kanpokoen arteko bereizketa egitea, biñeta sistemak ekarriko lukeena. Sistema hori Suitzan dago adibidez, http://en.wikipedia.org/wiki/Motorways_of_Switzerland#Toll_requirements
Doako errepiderik ez dago. Gaiarekin lotuta, Sala i Martin ekonomilari liberalaren iritzi artikulua gaur: http://www.salaimartin.com/randomthoughts/item/358-sr-rajoy-ponga-peajes-en-todas-las-autopistas.html