Teknologia albisteak

Loraldiak gazteen kultur-sormenari bultzada emateko udako sormen-egonaldirako deialdia aurkeztu du

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 10:04

Loraldia-ren Gaztea ardatzaren barruan, euskaraz sortzen duten 18-30 urte bitarteko gazteei zuzendutako udako egoitza artistikoa aurkeztu da. Deialdia zabalik dago martxoaren 1 arte. Lekeitioko sormen egonaldian, erreferente kulturalen laguntza pertsonalizatua, sarea zabaltzeko aukera eta euren proiektuak sendotzeko baliabideak eskainiko dira. Egonaldian, parte-hartzaileek lanerako espazioak, profesionalen tutoretza, ostatua eta Loraldiak aste horretan Lekeition eta Markinan antolatuko dituen jardueretan parte hartzeko aukera izango dute.

Loraldia kultur ekimenaren Udako Gazte Sormen Egonaldia 2026 programak denbora, espazio eta fokua eskainiko dizkie hautatutako sortzaileei, baita erreferente kulturalen laguntza tutorizatua ere, euren proiektuak hurrengo mailara eramateko. Deialdia zabalik dago eta proposamenak online formulario baten bidez aurkeztu beharko dira martxoaren 1a baino lehen.

Loraldia-ren Gaztea ardatzaren baitan kokatzen da Udako Gazte Sormen Egonaldia 2026, euskaraz sortzen duten gazteei begira diseinatutako programa. Lekeition burutuko den udako egoitza honek helburu argia dauka: euskarazko sormen proiektuak garatzeko eta finkatzeko baldintza egokiak eskaintzea, ingurune zaindu, lagundu eta esanguratsu batean.

18 eta 30 urte bitarteko gazte sortzaileei zuzenduta, egonaldiak diziplina anitzak hartzen ditu barne (arte eszenikoak, musika, literatura, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak, diziplina hibridoak…), betiere euskarazko sorkuntza ardatz duela.

Lekeitio: sormenaren eta elkarlanaren erdigune

Egonaldia Lekeition izango da, ekainaren 23tik 26ra bitartean, bertako inspirazioa eta itsasoaren energia baliatuz. Bertan, hautatutako parte-hartzaileek euren proiektuari forma emateko aste trinkoa biziko dute, giro intimoan eta elkarlanerako giroan. Sortzaileek erreferente kultural ospetsuen tutoretza pertsonalizatua jasoko dute; berauen esperientziatik eta jakinduriatik ikasteko aukera paregabea izango dute.

Parte-hartzaileek euren proiektuak garatzeko baliabideak eta espazioa izango dituzte, baita talde-lana eta sormen bidaia partekatua ere. Egonaldia aukera ezin hobea da sarea zabaltzeko, sektorean harremanak sendotzeko eta Loraldia markaren babespean aitorpena lortzeko. Horrenbestez, euskarazko sormenaren sustapena eta etorkizuneko belaunaldi sortzaileei bultzada ematea da helburua.

Parte hartu: deialdia zabalik dago

Gazte sortzaileei dei egiten zaie: kultur proposamenak euskaraz egiten dituztenei eta euren proiektuei bultzada profesionala eman nahi dioten guztiei.
Ideien proposamen artistikoa online formulario bidez bidali behar dira.

Informazio osoa: https://loraldia.eus/gaztea/kultur-sormen-egonaldiak-deialdia-2026  

Antolatzaileak eta helburuak

Gazteentzako sormen-egonaldia Loraldiak antolatzen du, eta hainbat erakundeen laguntza jasotzen du: Lekeitioko Udala, NAIZ irratia eta Laboral Kutxa laguntzaile gisa aritzen dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesletza eskaintzen du. 

Erantzun

Sartu