Munduko Loreak Loraldiaren Eskolaren baitan garatu den proiektua da eta Izurtzan bizi diren afrikar jatorrizko 24 gazteekin burutu da. Hiru hilabetetan zehar egitasmoak euskal kultura garaikidearen eta afrikar kultura garaikidearen arteko elkar eragitea bilatu du. Munduko Loreaken emaitza maiatzaren 19an gauzatuko da, Izurtzan margotuko den horma-irudi baten bitartez.
Loraldia Kultur Elkarteak hezkuntza komunitatera zuzendutako sormenezko proiektuak bideratzen ditu Loraldia Eskola proiektuaren bitartez. 2017-18 ikasturtean zehar afrikar jatorriko migratzaile gazte talde batekin Munduko Loreak egitasmoa burutu du. Ekimen honen helburua gazte migratzaileen integraziorako proiektu hezitzailea burutzea izan da eta kultur-aniztasuna adieraztea.
Lan honen emaitza Izurtzako plazan margotuko den horma-irudi batean gauzatuko da: artista batek irudikatuko du gazteek asmatutakoa eta ondoren beraiek margotuko dute.
Munduko Loreak Loraldia Eskolaren baitan ikasturte honetan Izurtzan burutu den egitasmoa da. Gazte eta integratzeke dauden migratzaileekin burututako proiektu hezitzailea da Munduko Loreak. Izurtzan bizi diren Afrikar jatorriko 24 gaztek hartu dute parte eta helburua euskal kultura ezagutaraztea izan da, afrikar kulturarekin parekatuz eta bi kulturen arteko elkar eragitea sustatuz.
Gazteak 13 eta 16 urte bitartekoak dira, Marokoarrak eta Sahara hegoaldeko herrialdetatik etorritakoak (Senegal, Marfileko Kosta eta Ganbiakoak). Euskara eta euskal kultura ez zuten ezagutzen eta beraien jatorrizko hizkuntzak ezagutzen zituzten soilik egitasmoa hasi zenean. Beraz, euren kultura eta kultur adierazpenak izan dira euskal kulturarekin elkar eragin eta parekatzeko iturria . Beraien gustukoak diren kultur adierazpenen bitartez euskal kulturarekiko zubiak eraikitzea lortu da hilabete hauetan zehar.
Modu ludiko eta dinamikoan euskal kultura garaikidearen inguruko zertzeladak ezagutu dituzte gazteek, musika, dantza eta hizkuntzaren bitartez.
Loraldia Kultur Elkartearen helburua euskal kulturaren transmisioa bermatu eta sustatzea da. Lan honetan ezin ditu ahaztu egun jatorri ezberdineko biztanleak bizi direla gure herrian eta etorkizuneko gizartea anitza izango dela. Euskal kultura beste kultura batzuekin batera bizi da eta bat egiten du horiekin.
Egitasmoaren azken ekintza gazteek asmatutako irudia marraztu eta margotzea izango da. Gazteek Izurtzako horma batean betiko geratuko den irudiaren ideia asmatu dute eta Martzel Do Nascimento Goiria artistak marraztuko du. Ondoren, gazteen ardura izango da irudi hori margotzea.
Horma-irudia kultur aniztasunaren adierazlea izango da eta Izurtzako herriari eskainiko zaio, bertan bizi diren gazte hauen integrazioan aurrera pausua irudikatuz.
Ekimen honetan Emankor Sarea izan da Loraldia Kultur Elkartearen bidelaguna eta Izurtzako Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan du.
Maiatzaren hirugarren astean zehar Martzel Do Nascimento Goiriak gazteek asmatutako irudia marraztuko du, Izurtzako Txintxaun plazako horma batean. Ondoren, gazteek irudi hori margotuko dute.
Martzel Do Nascimento Goiria artista bilbotarrak graffiti teknikan aditua da. Sprayz margotzen du eta bere estiloa errealismoan kokatzen du. 2013tik aurrera profesionalki ari da eta zenbait erakusketa egin ditu. Kartel eta ilustrazio lehiaketak irabazi ditu.
Eta irudiari dagokionez, kasu honetan ere spraya soilik erabiliko da hormak eskaintzen duen azalera guztia margotzeko. Hormak 3x3 metro ditu.
Maiatzaren 19an horma-irudia eta ekimenaren emaitza ikusi eta ekitaldiari amaiera burutuko da. Ekitaldi xume honetan Loraldia Eskolako proiektua hobeto ezagutzeko aukera izango da eta musika eta gazteen sormenaz disfrutatuko dugu.
Ekitaldiko programa:
Erantzun
Sartu