Sustatu logoa Teknologia albisteak

BAAI.EUS webgune-sortzailea aurkeztu du PUNTUEUSek, Latxa euskal adimen artifizialean oinarritutako lehen aplikazioa

komunikazioa@puntu.eus
2026-11-03 15:12

HiTZ zentroak garatutako Latxa euskal adimen artifizialak ikerketatik eguneroko erabilerarako jauzia egin eta lehen aldiz integratu da aplikazio praktiko batean. BAAI.EUSek euskarazko teknologia herritarren, profesionalen eta enpresen eskura jartzen du, euskararen presentzia digitalean beste urrats bat aurrera eginez. 

PUNTUEUSek BAAI.EUS aurkeztu du, euskarazko adimen artifizialaren garapenean mugarri berri bat ezarriko duen tresna digital berritzailea. HiTZ zentroak garatutako Latxa euskal adimen artifiziala aplikazio praktiko batean txertatzen den lehen aldia da. Gaurtik aurrera, BAAI.EUSek, erabiltzaileei webgune profesionalak sortzeko aukera eskainiko die, inolako programazio ezagutzarik izan beharrik gabe. 

Euskararen presentzia indartzea eta gizarte digital hobe bat eraikitzen laguntzea da PUNTUEUSen helburu nagusietako bat. Urteotan .EUS domeinua eskuratzeaz gain, erabiltzaile askok beren webgunean sortzeko laguntza ere eskatu dute, eta behar horri erantzun integrala emateko sortu da BAAI.EUS. 

Aldi berean, euskararen presentzia Interneten nahiko egonkor mantendu da azken urteotan, baina adimen artifiziala errotik ari da eraldatzen Internet. Testuinguru horretan, BAAI.EUSek aukera ematen du euskara eta euskal komunitatea eraldaketa horren parte aktibo izan daitezen.

BAAI.EUSen berrikuntza nagusia da erabiltzaileak ez duela webgunea hutsetik sortu behar, lehendik sortuta duten informazioa baliatuta sor baitezakete lehen bertsioa. Horrela, negozio txikiek, beren kontura lanean aritzen diren profesionalek zein bestelako edozein erakundek eta enpresek, bere jarduera euskaraz ere digitalizatzeko aukerak zabaltzen dira.

Aurkezpenean parte hartu dute Josu Waliño, PUNTUEUSeko zuzendariak; Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak;  Eneko Agirre, HiTZ zentroko zuzendariak; eta Lorea Arakistain, PUNTUEUSeko marketin zuzendariak. 

“BAAI.EUS mugarri bat da euskal ingurune digitalarentzat. Euskal Herrian garatutako adimen artifiziala baliatuta, webgune profesionalak euskaraz eta modu errazean sortzeko aukera eskaintzen dugu. Horrela, digitalizazioa edonoren eskura jartzeaz gain, euskararen presentzia digitalean beste urrats bat egiten dugu», nabarmendu du Josu Waliño PUNTUEUSeko zuzendariak. 

“Tresna honekin, enpresa txikiei, autonomoei eta bestelako eragileei beren proiektuak .EUS domeinuarekin sareratzeko aukera eman nahi diegu, orain arteko oztopo teknologikoak gainditzen lagunduz”, gaineratu du.

Eneko Agirre HiTZ zentroko zuzendariak, berriz, Latxaren garapenetik aplikazio praktikoetara egindako jauziaren garrantzia azpimarratu du. “HiTZ zentroarentzat oso berri pozgarria da Latxa aplikazio praktiko batean integratuta ikustea. Duela bost urte euskarazko hizkuntza-ereduak garatzen hasi ginenean, ez zegoen euskaraz behar bezala aritzen zen eredurik, eta ikerketa-galdera irekia zen euskaraz kalitatezko txatbot bat sortzea posible ote zen. Ikerketa-lan horren fruitu dira testu gutxi dituzten hizkuntzetarako ereduak garatzeko metodologia, eta Latxa bera. Hasierako aurreikuspenak gaindituz, erabiltzeko moduko kalitatea lortu genuen, bereziki euskarari eta euskal kulturari dagokienez”, azaldu du.

“Latxa proiektu bizia da, etengabe garatzen ari dena, eta laster bertsio berri bat aurkeztuko dugu, adimen artifizialaren arloko azken aurrerapenei esker ahaltsuagoa eta hobea izango dena. Aldi berean, enpresa eta zentro teknologikoekin elkarlanean ari gara, Latxaren inguruan eraikitzen ari garen adimen artifizialeko plataforma produktu berritzaileetan txertatzeko. BAAI.EUS ikerketa hori eguneroko erabilerara eramateko urrats garrantzitsua da”, gaineratu du.

Latxa euskal adimen artifiziala, webguneak sortzeko burmuin

BAAI.EUSen ezaugarri nagusietako bat Latxa euskal adimen artifizialaren integrazioa da. Horri esker, erabiltzaileek lehendik duten sareko informaziotik abiatuta sor dezakete beren webgunearen lehen bertsioa, programazio-lan aurreraturik egin beharrik gabe.

Horretarako, plataformak hainbat informazio-iturri erabiltzeko aukera eskaintzen ditu abiapuntu gisa: Google Business profila, sare sozialak, aurretik sortutako webguneak, argazkiak edo dokumentuak. Informazio hori oinarri hartuta, Latxa euskal adimen artifizialak webgunearen lehen bertsioa prestatzen laguntzen du, erabiltzaileak ondoren bere beharretara egokitu dezan. Horrela, euskarazko adimen artifizialaren garapena erabilera zehatz batera eramaten da, teknologiaren ahalmenak eguneroko zeregin batean aplikatuta.

Adimen artifizialaren bidezko sorkuntzaz gain, BAAI.EUSek beste bi aukera ere eskaintzen ditu: aurrez prestatutako txantiloi batetik abiatzea edo webgunea hutsetik eraikitzea. Hiru bide horiei esker, erabiltzaile bakoitzak bere ezagutza teknikoen eta proiektuaren beharren arabera aukera dezake webgunea sortzeko modua.

Plataformak editore intuitibo bat eskaintzen du, webgunearen diseinua, edukiak eta bestelako elementuak pertsonalizatzeko. Halaber, 250 txantiloi baino gehiago ditu aukeran, eta itzulpen automatikoa, online dendak eta bestelako funtzionalitateak integratzeko parada eskaintzen du.

BAAI.EUSek .EUS domeinua eta hosting-zerbitzua ere barne hartzen ditu, webgunea sortzeko, pertsonalizatzeko eta argitaratzeko prozesu osoa ingurune bakar batean gauzatzeko. 

Askotariko erabiltzaileak jomugan

BAAI.EUS askotariko erabiltzaileei zuzenduta dago, besteen artean: norbanakoei, bere kontura aritzen diren profesionalei, negozio txikiei, enpresei eta erakundeei. Helburua da erabiltzaileek beren webguneak sortzeko eta eguneratzeko autonomia izatea, programazio-ezagutza aurreratuen beharrik gabe.

Tresna web diseinuan eta komunikazioan aritzen diren profesionalentzako ere pentsatuta dago. Izan ere, diseinatzaileek eta agentziek bezeroentzako webguneak sortu eta hainbat proiektu plataforma bakar batetik kudeatu ditzakete.

Tresna digitala dagoeneko erabili dutenen artean daude Jon Maia bertsolari eta kulturgilea, Leire Santillan moda-diseinatzailea, Leire Martija web diseinatzailea eta Sostengu osasun zentroko Leire Mendez eta Felipe Murillo koordinatzaileak. Kultura, diseinu edota osasun alorreko esperientzia horiek erakusten dute BAAI.EUS jarduera eta behar desberdinetako erabiltzaileetara egoki daitekeela. 

Euskarazko AA: ikerketatik eguneroko erabilerara

BAAI.EUSen aurkezpenak mugarri berri bat ezarri du euskararen eraldaketa digitalean. Latxa bezalako euskarazko adimen artifizialaren garapenak aplikazio zehatzetan izan dezakeen erabilgarritasuna erakusten du, ikerketa teknologikoa herritarren, negozio txikien, enpresen eta entitateen eguneroko beharretara hurbiltzeko.

PUNTUEUSek egitasmo honekin euskarak ingurune digitalean duen presentzia indartzeko eta teknologia berrien garapenean euskararen erabilera sustatzeko duen konpromisoa berresten du.

BAAI.EUS tresnari buruzko informazio gehiago: www.baai.eus

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu