‘Gladysen haritik’ bideopodcasta, emakume teknologoak lehen planoan
Elene Mendizabal informatikari eta eduki-sortzaileak gidatutako saioa bat da ‘Gladysen haritik’ bideopodcasta, emakume teknologoak lehen planoan jarriko dituena ekoizpena. Lehen atala dagoeneko ikusgai eta entzungai dago EITBko GUAU plataforman zein gainerako audio-kanaletan.
Ikusgai eta entzungai dago ‘Gladysen haritik’ bideopodcast berriaren lehen atala. EITBk, PUNTUEUSek eta EHUko Informatika Fakultateak sustatutako egitasmo honek emakumeek teknologiaren zein ingurune digitalaren esparruan duten funtsezko papera jarri du lehen planoan, protagonisten ahotsetik bertatik. Ikus-entzuneko formatu arin, gertuko eta ikusle ororentzat gozagarria den entretenimendu-produktu gisa aurkezten da saioa.
Curriculumetatik haratago: pertsona poliedrikoak sofa baten bueltan
Gaurtik aurrera gozatu daitekeen saio honek euskal emakume teknologoak aurkezpen formaletatik zein curriculum-zerrendetatik aldenduta erakusteko bokazioa du. Elene Mendizabal, informatikari zumaiarrak gidatutako solasaldiek gonbidatuek zer egiten duten azalduko dute; baina, batez ere, nor diren, zerk mugiarazten dituen, haien zaletasunak eta nola iritsi diren dauden lekura, sofa baten bueltan eta giro gertuko zein entretenigarrian.
Lorea Arakistain PUNTUEUSeko marketin eta komunikazio zuzendariak azaldu duenez, bideopodcastaren hazia ‘Gladys Saria’ bera da: «Gladys sariketak emakume bakarra saritzen du urtero, eta asko dira zer kontatua dutenak». Horiek guztiak gure etxeko egongelan egongo balira bezala ezagutzeko aukera izango dugu, elkarrizketa patxadatsu eta entretenigarrien bidez.
Maite Goñi EITBko irrati eta audio zuzendariaren hitzetan, berriz, saioak «emakumeen presentzia eta aniztasuna ingurune digitalean ikusarazteko eta gizarteari zein gazteei erreferente hurbilak eskaintzeko balio izatea» du helburu.
Lehen atala
EITBren GUAU plataforman eta gainerako audio-kanal nagusietan entzun eta ikus daitekeen lehen ataleko gonbidatua Eire Salegi da. Salegik profil anitz eta aberatsa dakar ‘Gladysen haritik’-en sofara: telekomunikazio-ingeniaria da, kriptografia kuantikoko ikertzailea eta, aldi berean, EIRE musika-talde ezagunaren sortzaileetako bat. Zientzia, sormena eta kultura digitala elkartzen dituen elkarrizketa fresko eta erakargarri batekin irekiko da denboraldia.
Urte amaierara bitartean, 6 izango dira emitituko diren atalak.
Erantzunak kargatzen...