Teknologia albisteak

Kalitate handiko proiektu digitalak gailendu dira Kaixo Mundua lehiaketan

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 09:07

Kalitate handiko proiektu digitalak gailendu dira Kaixo Mundua lehiaketaren sari banaketan. Euskal Herri osoko 1.400 ikaslek hartu dute parte. Baztan, Txorierri, Elgoibar, Bermeo eta Mutrikuko ikasleek jaso zituzten sari nagusiak Bilboko EITBren egoitzan egindako ekitaldi batean.

PuntuEusek antolatzen duen Kaixo Mundua webgune-lehiaketaren VII. edizioak gailurra jo du Bilboko EITBren egoitzan egindako sari banaketa ekitaldian.  Kaixomundua.eus lehiaketa ez da webguneen lehiaketa soil bat; Euskal Herriko ikasleen alfabetatze digitala sustatzeko tresna estrategikoa da. Puntueusek antolatutako egitasmo honen helburu nagusia gazteak eduki digitalen kontsumitzaile pasibo izatetik, sortzaile aktibo izatera pasatzea da. Horretarako, gaitasun teknikoak (webguneen arkitektura, diseinua eta programazioa) eta komunikazio-gaitasunak uztartzen ditu, betiere euskararen erabilera ingurune digitalean bermatuz. 

Aurten, Euskal Herri osoko 68 ikastetxek, 1.413 ikaslek eta 527 taldek parte hartu dute.

Proiektu errealak: ikasgelatik tokiko ekonomiara

VII. edizio honen apusturik sendoena “proiektu errealen” sustapena izan da. Berrikuntza honen bidez, ikasleek ingurune hurbileko behar bati erantzun diote: tokiko denda txikiei, elkarteei edo herri-ekimenei ikusgarritasun digitala emanez.

Hala, sortutako webguneek balio praktikoa dute, ikasleek denda edo elkarteetako jabeekin elkarlanean jardun baitute, profesional baten gisan. Arrakasta hori aitortzeko, kategoria arruntetakoak baino garrantzitsuagoa den proiektu erreal onenari saria sortu da. Baztango altxukodenda.eus proiektuak jaso du sari nagusi hau, tokiko denda txiki baten beharretara guztiz moldatutako emaitza profesionalagatik.

Baztango Lekaroz BHIko ikasleek (Leire Uribe-Etxebarria, Saioa Perotxena eta Izaro Lakosta) herriko denda txiki batekin elkarlanean garatutako webgunea da. Epaimahaiak proiektuaren izaera “konpletoa” eta “oso txukuna” nabarmendu du, komertzio batek behar dituen atal guztiak modu profesionalean integratzeagatik.

Kalitate teknikoa eta konpromiso soziala

Aurkeztutako hainbat lanen mailak epaimahaia harritu du. Adibide garbiena saveme.eus proiektua da, ziberbuling-aren inguruko sentsibilizazioa eta baliabide teknikoak modu bikainean uztartu dituena. Politeknika Txorierriko ikasleek (Alaitz Aramburu, Ibon Lekue eta Julen Gorostizaga) ziberbuling-ari aurre egiteko plataforma digitala sortu dute. Epaimahaiak bereziki goraipatu du  lan hau izaera profesionala, diseinu zaindua, originaltasuna eta maila tekniko landua dituelako. 

Kategoria bakoitzeko irabazleak:

DBH 1-2 kategorian

DBH 3-4 kategorian

  • Irabazlea: soraluzemusika.eus
    • Ikastetxea: IES Elgoibar BHI
    • Herria: Elgoibar
    • Maila: DBH 4

Batxilergoan

  • Irabazlea: saveme.eus
    • Ikastetxea: Politeknika Txorierri
    • Herria: Derio
    • Maila: Batxilergoa 2

Lanbide heziketan

  • Irabazlea: txillarreekodenda.eus
    • Ikastetxea: Meka Lanbide Eskola
    • Herria: Elgoibar
    • Maila: Lanbide heziketa

Proiektu erreal onenari saria

Kaixomundua.eus proiektuak babes zabala du erakunde pribatu zein publikoen aldetik: Euskaltel eta Orona (babesle berria), Gipuzkoako Foru Aldundia (GFA) eta Eusko Jaurlaritza (EJ). Gaurko ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izan da eitb.eus webgunean eta EITBren YouTube kanalaren bidez.

Erantzun

Sartu