Teknologia albisteak

Zibererasoen aurkako kontrolak zorroztu ditu Puntueusek

Erabiltzailearen aurpegia
2026-02-09 : 08:10

PUNTUEUS Fundazioak .EUS domeinuen segurtasun egoeraren urteko argazkia osatzen duten zibersegurtasun-datuak eman ditu ezagutzera. 2025eko datuen arabera, erasoen tasa %10 hazi da 2024 urtearekiko. Josu Waliñok –Puntueuseko zuzendaria– azaldu duenez, adimen artifizialaren erabilerak erasoak sofistikatuago bihurtu ditu, eta nahiz eta askotan urrutiko jatorria izan, gero eta ohikoagoa da euskarazko edukia ere erabiltzea engainua sinesgarriago egiteko. “Adimen artifizialak hizkuntza-hesiak hautsi ditu. Orain erasoak gure hizkuntzan iristen zaizkigu, biktimaren konfiantza errazago bereganatuz”. 

 

2022TIK 2025ERA: DETEKZIOA ZABALDU DA, ETA ALERTAK NABARMEN UGARITU DIRA

Atzera begira zabalagoa eginda, 2022tik 2025era detektatutako eraso saiakeren hazkundea are nabarmenagoa izan da. 2022an 29 kasu detektatu ziren (% 0,2ko abusu-tasa), horietatik 6 positibo faltsuak. 2025ean, berriz, 117 kasu detektatu dira (% 0,7ko abusu-atasa), eta 46 positibo faltsuak izan dira. 

Datu hauek bi ideia nagusi azpimarratzen dituzte: alde batetik,  zibermehatxu saiakeren hazkunde orokorra (Cyberzaintzaren arabera, zibererasoak % 48 igo dira Euskadin azken bi urteetan); bestetik, positibo faltsuen gorakada detekzio zabalagoaren seinale da, hau da, detekzio-gaitasuna zabaldu da eta analisi prebentiboa indartu da.

2025ean, monitorizazio lanetan adimen artifiziala erabiltzen hasi da PUNTUEUS, zibererasoak modu prediktiboan detektatzeko. Monitorizazio-tresnak erregistratzen diren domeinu berriak aztertzen ditu, eta maltzurra izateko arriskua duten kasuak markatzen ditu, teknikariek eskuz berrikusi ditzaten. Prozesu prebentibo horrek alerta gehiago sortzen ditu, tartean faltsu positiboak, baina helburua argia da: mehatxu posibleak lehenbailehen identifikatzea eta kaltea gertatu aurretik jarduteko aukera handitzea.

BLOCK.EUS, BABES GERUZA PREBENTIBO GISA

Monitorizazioaz gain, PUNTUEUSek BLOCK.EUS zerbitzua eskaintzen die erakundeei prebentzioa indartzeko. Nortasun-ordezkapena jasateko arriskua duten erakundeentzat diseinatua, zerbitzu honek typosquatting (izen antzekoak erregistratzea) eta phishing saihesten ditu bezeroaren .EUS domeinu-izenaren milaka aldaera blokeatuz. Waliñoren hitzetan: “Gure helburua ez da soilik erasoa gertatutakoan erantzutea, baizik eta eraso horiek gauzatzeko beharrezkoak diren domeinu-izen faltsuak aurretiaz blokeatzea; segurtasun digitala prebentzioan oinarritu behar dugu derrigorrez”.

INFORMAZIO GEHIAGO

EUS domeinuen aurkako zibererasoen bilakaera  edonork kontsultatzeko moduan dago online eta denbora errealean: https://puntu.eus/zibersegurtasun-behatokia/.

 Zigiluak datu pertsonalen babesa eta mehatxuen aurreko babesa egiaztatzen ditu Puntuesiko harreman guztietan.

Erantzun

Sartu