Usue Mori Carrascal (Donostia, 1987) izan da Gladys Sariaren V. edizioko irabazlea, eta PUNTUEUS eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultatearen eskutik jaso zuen garaikurra EHUko Informatika Fakultatean egin zen ekitaldian, Donostian, irailaren 26an. Ekitaldian, epaimahaiak adimen artifiziala gizartearen ongizatera bideratzeko eta ezagutza transferitzeko urratutako bidea nabarmendu zuen.
Saria ematerakoan, Morik jakintzaren transferentziaren alde egindako lana nabarmendu du epaimahaiak: haren proiektuek adimen artifizialaren ikuspegi soziala indartzen dute eta ezagutzaren emaitzak praktikara eramaten dituzte, gizarteak horien onura zuzenean jaso dezan; haren jardunak erakusten du ikerketa ez dela zertan akademiaren barruan geratu behar, eta teknologia eraldatzaileak gizartearen zerbitzura jar daitezkeela.
Usue Moriren hitzetan, adimen artifiziala geratzeko iritsi eta “guztiok izan beharko genuke zer esana: nolako adimen artifiziala eta zertarako nahi dugun. Ez genuke utzi behar adimen artifiziala teknologia-enpresa handien esku bakarrik”.
Helburu horrekin AAren transferentzia gizarteko hainbat eremutan gauzatzen ari da, eta aldi berean, jende askoren parte-hartzea eta aktibazioa sustatzeko gaitasuna aitortu dio epaimahaiak.
Usue Mori Carrascal EHUko irakasle agregatua da, Konputazio Zientziak eta
Adimen Artifiziala sailean, eta 2024ko irailetik aurrera Adimen Artifizialeko graduko koordinatzailea ere bada. Matematikan lizentziatua da eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazio matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. 2015etik irakasle da unibertsitatean.
Ibilbide akademiko oparoaz gain, Morik ikerketa akademikotik haratago joateko hautu ausarta egin du. Haren helburua ez da soilik argitalpen zientifikoen kopurua handitzea, baizik eta adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzea, eta ezagutza praktikara eramatea.
Morik berak aitortu duenez orain gutxi arte bere lan-ildoa ikerketa hutsa zen, ikerketa horrek gizartean izan zezakeen inpaktuari erreparatu gabe. Orain, aldiz, haren kezka nagusia da egiten duen lana gizartearen onurarako izatea.
Bostgarren edizioa bete berri duen Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu. Zentzu horretan teknologiaren esparruan hasi nahi duten neska gazteei zuzendu zaie aurtengo sariduna: “esango nieke nahi dutena egiteko, egiten duten horrekin disfrutazeko; eta pixka bat kañerak izateko, eta ez isiltzeko”.
PUNTUEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak sustatzen duten ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta EHUko Berdintasunerako zuzendaritza
Erantzun
Sartu