Teknologia albisteak

Tokiko merkataritza eta gazteak, 'Gandik' proiektuan lotuta PuntuEus-en eskutik

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 11:28

Eusko Jaurlaritzak eta PuntuEus-ek 'GANDIK' proiektua aurkeztu dute, tokiko merkataritza gazteen eskutik digitalizatzeko. Portugaleteko 16 saltokik eta 4 ikastetxek parte hartuko dute proiektu pilotuan.

 

 GANDIK proiektua Portugaleteko udaletxean aurkeztu zen atzo: merkataritzaren digitalizazioa bultzatzeko eta, aldi berean, gazteen gaitasun digitalak sendotzeko helburua duen ekimen berritzailea da. Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta PUNTUEUS Fundazioaren ekimena da, eta 2025-2026 ikasturtearekin bat abiatuko da, Portugaleten eta Beasainen. 

Aurkezpenean parte hartu dute Maria Jose Blanco Portugaleteko alkateak; Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak; eta Josu Waliño PUNTUEUSeko zuzendariak. Ekitaldian, gainera, proiektuan parte hartuko duten merkatarietako eta ikastetxeetako ordezkariak eta Portugaleteko Merkatarien Elkartea ere izan dira.

PUNTUEUSek Google Maps-eko datuetan oinarrituta egindako azterketa baten arabera, Portugaleteko 636 saltokietatik 195ek soilik (%31) dute webgune aktiboa. Datu horiek Euskadiko batez bestekoaren parekoak dira eta agerian uzten dute merkataritzaren bi herenek ez dutela oraindik interneten presentzia errealik.

Josu Waliñok nabarmendu du egoera honek aukera handia eskaintzen duela merkataritza txikiaren ikusgarritasuna eta lehiakortasuna hobetzeko. Javier Hurtado sailburuak, bestalde, merkataritzaren egungo egoera azaldu du, azpimarratuz “digitalizazioa eta belaunaldi-erreleboa direla sektoreak dituen erronka nagusietako bi”.

BELAUNALADIEN ARTEKO LANKIDETZA ABIAPUNTU

Proiektuaren ardatz berritzaileena gazteen eta merkatarieen arteko lankidetza eta harremana dira. GANDIKen bidez, Portugaleteko DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleek, beren irakasleen gidaritzapean eta PUNTUEUSen laguntzarekin, tokiko negozioentzako webguneak garatuko dituzte. Proiektu honek aukera emango die gazteei tokiko merkataritza-sarea sakon ezagutzeko, eta merkatariei berrikuntza-ikuspegia eta gaitasun teknologikoak jasotzeko, euren negozioa indartzeko. Horrela, belaunaldien arteko lotura sendoak eta benetako lankidetzak sortuko dira, udalerriko kohesio soziala sendotuz eta komunitatearen etorkizuna elkarrekin eraikiz.

Fase pilotuan, lehen urtean martxan jarriko den honetan, udalerri bakoitzean hamar saltoki inguru digitalizatzea aurreikusten da, lau hezkuntza-zentrok eta 100 ikasle inguruk parte hartuta. Merkatariek ez dute ezagutza teknikorik edo baliabide handirik behar izango, ikasleek hartuko baitute webguneak sortzeko ardura osoa. Gainera, webgune bakoitzak urtebetez doako .EUS domeinua eta zerbitzaria izango ditu, PUNTUEUSen ekarpenari esker, eta saltokiei prestakuntza eta laguntza eskainiko zaie, webguneak modu errazean eta autonomoan kudeatu ahal izateko.

GANDIK proiektuaren bereizgarrietako bat euskararen presentzia digitala sustatzea da. Webgune guztiak gutxienez euskaraz sortuko dira, eta merkatariek beste hizkuntza batzuk gehitu ahal izango dituzte, hala nola gaztelania edo ingelesa, haien bezeroen beharren arabera. Josu Waliñok gogorarazi duenez, “euskarak protagonismo nabarmena du GANDIKen. Edukiak euskaraz sortzeak balio erantsia ematen dio proiektuari, merkataritzaren digitalizaziotik harago, hizkuntza eraldaketa digitalaren erdigunean kokatzen du”.

PORTUGALETE ETA BEASAIN

Portugaletek pilotu fase honetan parte hartzeko erronka hartu du bere gain. Portugaleten eta Beasainen 2025-2026 ikasturtean egingo den esperientziak ereduaren indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatzea ahalbidetuko du. Izan ere, GANDIK proiektuak badu aurrekari bat: Elgoibarren antzeko proba pilotua gauzatu da azken bi ikasturteetan “Elgoibartik Mundura” proiektuaren lelopean: 2023-2024 ikasturtean Elgoibarko ikasleek herriko irabazi asmorik gabeko elkarteen webguneak sortu zituzten eta pasa den kurtsoan, ikasleek egindako lanaren onuradunak herriko tabernariak izan ziren. Bai ‘Elgoibartik Mundura’ eta bai GANDIK proiektuak ‘Kaixo Mundua‘ metodologian oinarritzen dira, PUNTUEUSek ikasleen gaitasun digitalak lantzeko sortutako proiektuan. 

Orain, GANDIKen bidez, ikasitakoa eskala zabalagoan aplikatuko da, izan ere, 2026-2027 ikasturtean, beste lau udalerritara hedatuko da, lurralde historiko bakoitzean bat, eta 2027an beste lau gehituko dira, guztira hamar udalerri izatera iritsiz.

Aurkezpenean, María José Blanco Portugaleteko alkateak Udalaren konpromisoa nabarmendu du: “gure merkataritza-sareak aukera handiak ditu oraindik digitalizazioaren arloan, eta GANDIKek ateak irekitzen dizkie aukera horiei. Aldi berean, gure gazteei aukera eskaintzen die benetako proiektu batean parte hartzeko, haien prestakuntza sendotuz eta gure udalerriaren etorkizuna eraikitzen lagunduz”.

Portugaleteko zein Beasaingo merkatariek, gainera, oraindik badute izena emateko aukera www.gandik.eus webgunearen bidez. Parte-hartzeak ez du inolako kosturik, eta aukera paregabea da saltokientzat gazteen laguntzarekin eraldaketa digitalaren lehen urratsa emateko.

Informazio gehiago: www.gandik.eus

Erantzun

Sartu