Haurrei espreski zuzenduriko zenbait turismo-jarduera aurkitu daitezke Debabarrenean. Horietako bi jarduera ondorengo bideoan ikus ditzakezu:
Bideoan ikus daitekeen lehen jarduera "Flyscha haurrekin" da. Aurrena, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikora haurrei egokitutako bisita egiten da, geologia tailer eta guzti, eta ondoren itsas irteera egiten da bertako portutik Saturraran alderantz, flysch beltza ikusiz. Euskal Kostaldeko Geoparkearen webgunean ikus dezakezu Flyscha haurrekin irteeraren egutegia.
Artzain txikiak irteera da ondoren bideoan ageri dena. Lasturko plaza-alboan dagoen errotari bisita eginez hasten da jarduera. Irina nola lortzen den ikusi ostean, taloa egiten ikasten dute haurrekin. Bukatzeko Goikola baserrira igo eta bertan hainbat ekintza burutuko dituzte haurrek: ardiak ukuiluan bisitatu, gazta nola egiten den ikasi eta amaitzeko artilearekin apaingarri moduko bat osatu. Hemen ikus dezakezu Artzain txikien irteera noiz egin.
Erantzun
Sartu