Ikusita Frantziako ikasgela askotan ez dela ganoraz hitz egiten klitorisari buruz sexu-heziketaren barruan, Odile Fillod ikerlariak asmatu du modu bat errazteko azalpen horiek jendeari, izan irakasleak, izan pedagogoak, izan sexu-adituak. Asmatu du klitoris baten 3D modeloa, berezko tamainakoa, eta inprima daiteke edozein 3D inprimagailutan, Frantzian edo beste edonon.
“Ikasliburuetan, klitorisa aipatu ere ez da egiten sarri, eta sistematikoki gaizki irudikatzen da. Kontua zen erakustea zelakoa zen, hitz egiteko desioaren eta plazer sexualaren oinarri anatomikoez, behingoz emakumeak ahaztu barik”, azaldu du ikerlariak.
Bere asmakizuna ahalik eta gehien zabaltzeko, Fillod ikerlariak libre jarri du asmakizuna Fab Lab webgunean, edozeinek jaisteko moduan. Hor, jendeak bi elementu aurkituko ditu: klitorisa bera eta euskarriak, beharrezkoak inprimatzea ondo atera dadin. 15€ ordainduta, eduki daiteke klistoris bat plastiko biodegradagarrian. Formizable webguneko jendeak egiten ditu lan horiek, baten batek nahi izanez gero.
The Guardian egunkariak dioenez, klitorisaren modeloa sexu-heziketan erabiltzeak sexu-iraultza eragin lezake. Batetik, emakumeek jakingo dute, espekulatu behar barik, zelakoa den beren sexu-organoa, zenbaiten iritziz urkila baten antzekoa. Bestetik, modelo horrek pikutara botatzen du testuliburuek eta hiztegiek orain arte zelan definitu duten klitorisa, “organo zutikor txikia”, zeren modelo horretan, garbi ikus baitaiteke klitorisak bi kirten dituela 10 cm. ingurukoak. Alegia, klitorisa dela gure begiek ikusten dutena baino handiagoa, eta bagina biltzen duela. Horri esker, penetrazioak orgasmoa eragin lezake. Beste uste bat orain arte oso zabaldua da bagina dela, eta ez klitorisa, zakilaren baliokidea.
The Guardian egunkariak amaitzen du esanez 3D modelo horri esker gizonek ere astindu dezaketela ustea, hori ere ustela, zeinaren bidez esaten baitzen emakume bat sexualki asetzea loteria irabaztea bezain gertagaitza dela.
Informazio gehiago:
Faroa blogean ere azaldua.
Erantzun
Sartu