Teknologia albisteak

Komunikazioa erakundeetan aditu tituluaren 2. edizioa

Erabiltzailearen aurpegia
2013-05-20 : 10:55

Mondragon Unibertsitateak “Komunikazioa erakundeetan” aditu tituluaren 2. edizioa prestatu du, zuzendua lanean diharduen jendeari eta lizentziadunei. 2013ko urritik hasita, ostegun arratsaldero emango da, Aretxabaletako campusean. Aditu titulua euskaraz emango da, MUren titulu propio gisa eta 9 hilabete iraungo du. Dagoeneko, zabalik dago aurrematrikulatzeko epea. Matrikulatzeko azken eguna, bestalde, irailaren 13a izango da.

 

Aditu tituluaren helburua da ulertzea komunikazio paradigma berriak eta horiek erakundeetan duten eragina eta prestatzea profesionalak erakundeetako komunikazio jarioa bideratzeko. Zuzenduta dago, bestalde, lanean dabiltzanei enpresa, elkarte eta erakundeetan, batez ere komunikazioan; bestetik, aditu titulu hau oso egokia da enpresa-komunikazioaren nondik norakoa ezagutu eta menderatu nahi duten lizentziadun berrientzat, bereziki ikasketa hauek dituztenentzat: Ikus-entzunezko Komunikazioa, Humanitateak eta Enpresa, Kazetaritza, Lan Harremanak eta Industria Antolakuntza Ingeniaritza.

Aditu titulua 30 ECTS kreditutan banatuta dago, 15 edukietarako eta beste 15 proiekturako. Edukietan %15 presentziala izango da; gainerakoa, ikasleak bere kasa egin beharrekoa. Edukiak, bestalde, 8 materiatan banatuko dira: 

  1. Marketin eta komunikazio oinarriak.
  2. Komunikazioa erakundeetan.
  3. Baliabide teknologikoak.
  4. Jarrerak komunikaziorako.
  5. Enpresa eta erakundearen kultura berriak.
  6. Jende eta kamera aurreko komunikazioa.
  7. Mintegiak adituekin.
  8. Proiektua: definizioa, tutoretzak, garapena eta aurkezpena.

Ikasturte amaieran, ikasleak titulu bat jasoko du, hartutako kreditu kopuruaren araberakoa.

Aditu titulu hau proiektuen metodologian oinarrituta dago. Horretarako, proiektu errealak oinarri hartuta (15 ECTS), ikaslea izango da ikaskuntzaren ardatz. Praktikotasun horretan sakontzeko asmoz, ikasle bakoitzak kurtso amaierako proiektu bat osatu eta aurkeztu beharko du. Lan hori bideratzeko, ikasle bakoitzak tutore bat izango du. Halaber, tutoretza saioak antolatuko dira, taldeka zein bakarka. Kurtsoaren hasieratik komunikazio arazo erreal bat identifikatuko da eta proiektuaren ardatza arazo horri konponbidea ematea izango da.

Aditu titulua 2013ko urriaren 3an hasiko da, eta 9 hilabete iraungo du. 2014ko uztailaren 5ean amaituko da, ikasleek egindako proiektuak aurkeztu eta gero. Prezioa: 3.900€.

Erantzun

Sartu