Sustatu logoa Teknologia albisteak

Pornoa desmitifikatzen

Joxe Aranzabal
2013-04-02 21:15

Kontu hau 2009an hasi zen, Cindy Gallopek aurkezpen bat egin zuenean TED konferentzietan,garai hartan aurkezpenik ikusienetako bat. Bertan Cindy Gallopek artikulu honen sarrerako ideiak azaldu zituen, eta Make love, not porn webgunea aurkeztu. Honek banan-banan desegiten ditu pornoak zabaltzen dituen usteak. Adibidez.

Isurketa

Pornoak sinetsarazi nahi digu gizonei izugarri gustatzen zaiela isurtzea emakumeen aurpegietan, eta emakumeek ere gozatu egiten dutela horrelakoetan. Errealitatean, berriz, gizon batzuei gustatzen zaie hori egitea, eta beste batzuei, ez. Emakumeek ere, batzuek gustuko dute hori, eta beste batzuek, ez. Aukera pertsonala da.

Ilea

Pornoak ikusarazi nahi digu emakumeek nahiago dutela ilerik ez eduki alu inguruan. Errealitatean, ostera, zenbait emakumek moztu egiten dute beheko ilea, baina beste zenbaitek, ez. Eta gizon askok nahiago dute emakumeak mozten ez badu beheko ilea. Gainera, beheko ilea moztuz gero, horrek etengabe moztea eskatzen du. Alegia, buruhauste galanta.

Orgasmoa

Pornoak konbentzitu nahi gaitu emakumeek etengabeko orgasmoak izaten dituztela, nahiz eta jokoa klitorisetik urrun jokatu. Errealitatean baina, zelanbaiteko presio errimikoa izan behar da klitorisean emakumeak orgasmoa izan dezan. Presiogilea izan daiteke pubiseko hezurra, mingaina, atzamarrak edo beste zerbait, baina hortxe.

Sexu anala

Pornoak egiatzat ematen du emakume guztiei gustatzen zaiela sexu anala. Baina errealitatean, emakume askori ez zaie bat ere gustatzen horrelakorik, nahiz eta batzuei bai. Berdin gertatzen da gizonekin: batzuei gustatzen zaie, eta beste askori ez.

Jarrerak

Porno bideoetan bakarrik protagonisten genitalek ukitzen dute elkar, kamerak horixe eskatzen duelako, akzioa ondo ikus dadin. Errealitatean, aitzitik, txortaldia askoz gozagarria da gorputz biak (edo direnak direla) elkarri besarkatuta daudenean.

Webguneak gai horiek eta beste asko jorratzen ditu, zentzu handiz. Merezi du bisitak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu