Teknologia albisteak

Nathalia Heim-en Lurraldeak [Territorias] erakusketa Igartubeiti Baserri Museoan

Erabiltzailearen aurpegia
2019-09-13 : 10:19

Erakusketa hau 2019ko uztailean hasitako prozesu baten emaitza da, Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoak antolatutako Patrim+ mugaz gaindiko egonaldi artistikoaren testuinguruan.

Uda honetan Ezkioko Igartubeiti baserri museoak, Chateau de Seix (Courserans) eta Espacio Pirineos-ekin batera (Graus, Hueska), PATRIM+ sareko mugaz gaindiko egonaldi artistikoen programan parte hartu du. Prozesu hau Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan irailak 12an irekitzen den eta azaroak 30 arte ikusgai izango den Nathalia Heim artista bisualaren Lurraldeak [Territorias] erakusketarekin amaitzen da. Gipuzkoan antolatzen den mugaz gaindiko lehen egonaldia da.

Egonaldi hau kultur ondarea praktika artistiko garaikideekin uztartzen duen museoaren lan ildoan txertatzen da. “Gaurkotasunetik museoaren gaiak berrikustea eta ezaguera berriak sortzea da asmoa, PATRIM+ Egonaldiari dagokionez, landa inguruneko emakumearen paperaren inguruko hausnarketatik abiatuz”, azaldu du Kizkitza Ugarteburuk, Igartubeiti baserri museoko arduradunak.

Jarduera honek pertsonak beraien lurraldean ikusgai izan daitezen eta arte prozesuetan parte hartzea sustatzeko mugaz gaindiko lankidetza dinamikak sortzea du helburu.

Emakumea eta lurraldea
Horrela, 30 egunez, Urola Garaiko eta Goierriko 18 emakumeri elkarrizketak eta argazkiak egin zizkien Natheim (Nathalia Heim) artistak. “Helburua, normalean landa inguruneko emakumea moduan ulertzen dena auzitan jartzea izan zen, bakoitzaren historia pertsonalean barrena eginiko ibilaldi baten bitartez”, azpimarratu du Nathalia Heim artista bisualak.

PATRIM+ egitasmoaren balioekin lotuta dauden gaiak, hau da, lurraldearekiko eta generoaren ikuspegiarekiko loturaren elementu komunetik abiatuz artistak modu sinbolikoan berrinterpretazio anitzak ahalbideratzen dituzten pertsona bakoitzaren historiaren berezitasuna azpimarratzen du, Patrim+ egitasmoan pirineoetako emakumeen kartografia berriaren parte izatera helduz.

Nathalia Heimek, emakume bakoitzak bere historiarekiko eta ingurunearekiko ezartzen dituen emozio eta loturen argazki erretratuen forman, itzulpen poetikoa burutu du. Erakusketaren inaugurazioan, argazki instalazioaren protagonistak performance-a egingo dute.

Egonaldiaren egunerokoa
Igartubeiti Baserri Museoarentzat egonaldi artistikoaren esperientzia hau suposatu duena egutegi moduan museoko web gunearen bitartez kontatu da. “Museoak Nathaliarekin bizi izan duen prozesua erakutsi nahi izan dugu, 4 astetan artista bat bertan izatea guretzat suposatzen duena ezagutzera ematea: gure inpresioak, hasierako zalantzak, Nathaliak gure lurraldearekiko eta kulturarekiko berak duen ikuspegia eskaini diguna. Ez genuen uste hain esperientzia baikorra izango zenik”, azaldu du Ugarteburuk. Eguneroko hau web gunean dago eskuragarri.

Mugaz gaindiko PATRIM+ egonaldi artistikoa
Nathalia Heim-ek burututako prozesu artistikoak PATRIM+ egitasmoaren egonaldi programa esperimentalaren parte da, Pirineoetako bi aldeetako hiru interpretazio zentro eta museoetan, Le Château de Seix–Centre d’Interprétation du Patrimoine du Couserans (Ariège, Frantzia), Espacio Pirineos–Centro de Creación y Cultura del Pirineo Grausen (Hueska) eta Ezkioko Igartubeiti Museoan, uda honetan, aldi berean izan dena.

Helburuak:

  • PATRIM+ artisten egonaldiak kontaktuan jartzea eta publiko berriekin elkartzea du helburu. Egitasmoa publiko gazteari eta kultur zein eskaintza artistikotik kanpo dagoen publikoari zuzendua dago.
  • Egitasmo guztiak izan dute site specific izaera eta bere ingurunearekin eta komunitatearekin solasaldia proposatzen dute.
  • Ondarea inspirazio-iturri izateko sustatu, narrazio eta kontaketa berriak hauspotuz, ondareeta arte-arloaren arteko bidegurutzean oinarrituz.
  • Lurraldeko kultura- eta arte-garapenean lagundu, landa-eremuan arte garaikidea bultzatuz.
  • Herritarren sen kritikoa bultzatu.
  • Tokiko artista-ehundura hauspotu.
  • Askotariko lurralde parte-hartzaileetako artisten mugikortasuna bultzatu.
  • Sorkuntza, zabalkunde eta praktika artistikoaren arteko elkartrukeak sortu.

PATRIM+ Europar Programa
Igartubeiti baserri museoa, Frantziako eta Espainiako 10 bazkideekin batera, PATRIM+ egitasmoa sustatzen du, museo, ekomuseo eta ondarearen interpretazio zentroen mugaz gaindiko sarea, mugaz bi aldeetara Pirinioetako natura- eta kultura-ondarea nabarmentzea helburu duena, garapen jasangarriko ikuspegi bateratuak baliatuz. PEgun, Patrim sarean Ariège-ko, Haute-Garonne-ko, Hautes-Pyrénées-eko, Euskadiko, Aragoiko eta Kataluinako bazkideak parte hartzen dute.

PATRIM +Interreg Poctefa europar funtsei esker lagundutakoa da. POCTEFA 2014-2020 INTERREG Espainia-Frantzia-Andorra Programaren akronimoa da.

Hiru lurralde hauen arteko garapen jasangarria sustatzeko asmoz sortutako lurralde lankidetzarako europar programa da.

Informazio gehiago.

Egonaldiaren egunerokoa.

 

Erantzun

Sartu