"Euskal Herri Musikaren hots-larretan" kontzertu didaktikoa eskainiko dute Juan Mari Beltranek eta Errege Beldak Igartubeiti Baserri Museoan, maiatzak 19an, 16:30etatik 18:00etara, Museoen Nazioarteko Egunerako antolatutako programazio bereziaren barne. Publiko mota guztiari zuzendutako kontzertua izango da. Doako jarduera.
Proiektu honek, gure inguruko txoko eta landetan sortutako hots, doinu eta kantuetan oinarriturik, musika, jolasa eta hitzen arteko topaketa bat izan nahi du. Hots eta doinuen arteko elkartze edo topaketa hau, hainbat giroetan barna murgilduko da, natura eta paisaiak, herri eta pertsonen ospakizunak, festak, jolasak, harremanak…
Dantza doinuak, jolas doinuak eta kantak, mendiko eta kaleko kutsua duten doinu eta erritmo zaharrak nahiz berriak; doinuz, erritmoz eta hitzez osaturiko poesia …
Topaketa honetan hotsak elkartzen dira: Isturitzeko harpetako hezurrezko flautak eta arrabitaren hots barnerakoiak, burrunen hots sakonak, txorien kantuak bezalako xirularen txioak, erritmoa markatzen duten danbolina eta ttunttuna, txalaparta makilen eta akordeoiaren botoien saltoak, albokaren harrabotsa eta xirolarruaren oihua, txistua, dultzaina, tronpa...
Elkartzen dira dantza urratsak gidatzen dituzten xirulak - ttunttunak eta sunprinuz egindako artzainen "durunbele"ak, erritmo eta neurri zaharrak doinu berriekin eta doinu zaharrak hots berriekin, musika erritmo eta neurri zaharretan eta berri-berrietan. Musikari jarritako hitzak, hitzei jarritako musika. Musikak eragindako hitzak eta poesia eragindako musika, musikari jarritako dantza eta koreografia eta dantzei jarritako hitzak eta hauek janzteko doinuak.
Juan Mari Beltran eta Errege Belda bikoteak eskaintzen du hotsez, erritmoz eta musikaz osatutako gure tradizioan sustraitutako gaur egungo narrazio eder hau.
Juan Mari Beltran: Txalaparta, alboka, dultzaina, arrabita, ahotsa, txistua-danbolina, xirolarrua, tilinka, tronpa, ahotsa.
Errege Belda: Ahotsa, akordeoia.
Emanaldiaren egitaraua:
- EGUNSENTIA
Isturitzeko leizean agertutako hezurrezko flautarekin jotzen da egunsentiari eskainitako doinu libre honen hasiera. Ondoren ikerfurulya ( transylvaniar flauta bikoitza) eta akordeoiak dira pieza hau osatzen dutena. 5:00
- TXANBELA-KANTUA. XARMAGARRI BAT BADUT.
Txanbela errepertorioko Zuberoako artzainen antzinako doinu librean ematen den doinua. Pierre Caubet Lakarriko txanbelariari ikasitako kantua.
- XIRULA eta TTUN-TTUNA.
Soinu-tresna hauek ditugu Zuberoan gaur egun oraindik bertako dantzak egiteko gidari musikalak. Zuberoako AINTZINA PIKA (2), BRANLEA. 10:00
- TXALAPARTA TOBERA.
Txalaparta Euskal Herriko ohitura tradizionalean hainbat izen eta joerekin agertzen da. Gaur egun txalapartan garapen handia izan da; tradiziozko zura eta metalez gain harriak ere erabiltzen dira, erritmo tradizionalak eta berriagoak nahasten dira eta batzuetan funtzio harmoniko eta melodikoa ere hartzen du. ARRANKIN TRANKIN TRANKUN, TTAKUN TTAN TTAKUN 6:00
- ARRABITA - RABEL.
Garai batean gure lurraldeetan asko erabilia izan den sokazko soinu-tresna hau oso egokia da artazuriketetako errepertorioetako hainbat doinu eta kantu jotzeko. Adibide gisa balio dute errepertorio horretako fandango eta arin-arin motako bi dantza doinu hauek: JOSETXO OLABERRIKO(4) - BARATZAKO PIKUAK(4) 5:00
- XIROLARRU-BOHA.
Pirinio aldeko bohasac izeneko alboka motako xirolarrua edo kornamusa txikia. Campion historialariaren ustez halako bat jotzen zuen Gartxot Itzalzuko bardoak: LEHEN KOBLAKARIAREN AIDIRIA, ZORTZIKOA, MAZURKA (2), ZARAGI-DANTZA (2). 7:00
- DURUNBELE.
Sunpriñuarekin jotzen zituzten Aralarko artzainek durunbele izeneko doinu hauek. Guk, artzainek aire librean, malguan eta lasaian ematen zituzten kantu eta doinuen eran, Tilinka izeneko hungariar flauta eta akordeoiarekin ematen dugu osatutako joaldi berria. 5:00
- TXISTU ETA DANBOLINA.
Ekialdeko euskal danbolinteroen errepertorioaren mustra bat, XIX. mendeko danbolintero eskoladunen Kontrapasa bat eta XX. mendeko pieza berri bat. Bilduma honen bitartez txistulariek mendeetan zehar egin duten ibilbidearen mustra esanguratsu bat ikus daiteke: ARIZKUNGO SAGAR DANTZA, BERGARETXEREN 4. KONTRAPASA, SIGI-SAGAN 10:00
- XIROLARRU-BOTA:
"Bota" izenarekin ezagutzen da Arabako Errioxa aldean jotzen zen xirolarrua. Baztango BILLANTZIKOA, ERRIOXAKO TXULO eta ELTZIEGO (6:00)
- DULTZAINA, AKORDEOIA.
Baserritar inguruko festetan dultzaina izan da, pandero edo danborraz lagunduta, dantzarako soinu-tresna. Biderako eta "korruak" biltzeko jotzen ziren martxez gain, fandango-jota eta arinarin-porrusalda izan dira errepertorioko dantza nagusiak. RIGODOIA, AZKOITIKO MARTIRIETA /ERNIO, URKIOLA edo URRATEGI. 10:00
- ALBOKA.
Bizkaiko albokarien errepertorioetatik hartutako doinua eta Gipuzkoako albokarien doinu zaharrak eta albokarako egindako fandango berria. ARRATIATIK TXILIBRIN, PANDANGOA ETA BUELTEA, FANDANGO APARTA 10:00
Erantzun
Sartu