Nik uste dut gaur oso ondo erretratatu duela Euskadi Irratiko entzule batek Jon Sarasuaren diskurtsoa, generoari dagokionean: duela bi asteko polemika hizpide, entzule horrek bidali duen mezuak eskertzen zion Sarasuari bere ekarpen nolabait disidentea, eta positiboki konparatzen zuen Maroto Gasteizko alkateak RGIaren inguruan eragin duen eztabaidarekin. Horrekin asko esanda geratzen da. Adiskide batek Twitterren ironikoki bota duen bezala, "heterodoxia Jon Sarasua bada, gora ortodoxia!".
Argi dago gehiago sakondu eta eztabaidatu behar dela, eta sare sozialak ez direla lekurik aproposena horretarako (eta artikulu izena merezi ez duen presazko purrustadatxo honek ez duela laguntzen batere horretan). Baina ez nator bat Sarasuaren ikuspegiarekin, zeinarentzat berak beste batzuetan "genero ideologia" bezala izendatu duena (gaurkoan saihestu du nomenklatura hori) hegemonikoa baita. Eta, bestalde, sexuen arteko "polaritatearen" inguruan etologiaren ekarpenak goraipatu ditu, diferentziaren diskurtsoa azpimarratuz.
Bi gai, niretzat, oso eztabaidagarri, batez ere hegemoniarena, ez dudana hain finkatua ikusten (izan ere, arlo askotan atzera goazela iruditzen zait, nesken eta mutilen arteko diferentziazio artifizialei dagokienean,
Estitxu Eizagirreren artikulu honek berriki gogorarazten zigun bezala). Sexuaren inguruko azalpen biologisten gorakada, ordea (ez dut uste Jon Sarasuak aurkezten dituen bezain marginalak direnik...), nahiko arduragarria iruditzen zait.
Enfin... To be continued, ziurrenik.
Esan didatenez, zorionekoa ni hemen ez delako Euskadi Irratia entzuten eta internetez entzuteko konexio laburregia dudalako. Ez da lehen aldia, ezta? Baina mundiala iruditzen zait heterodoxiaren argumentua. Ona litzateke heterodoxiaren izenean hasiko bagina hitz egiten beste kontu batzuez (euskara, nazioa, jaingoikoa...) nola hartuko luketen batzuek.
Noski, aspaldi esan zuen norbaitek, azken aldian "probokazioa" (hau ez da Jon Sarasuaren esparrua, desdeluego) eta "heterodoxiaren" aldarrikapena (hau bai) ez dakit zergatik baina beti suertatzen dira arrazista, sexista eta talde gutxituenganako indarkeriaren justifikatzaile. Kasualitatea ote. Eta aldarrikapen hori egiten dutenak (kasualitatea) gizonak dira, klase erdi/altukoak, euskaldun petoak, txuriak, heterosexualak. Toma geroma.
Besterik gabe, uste dut batzuek ez dutela eskubide larregirik besteen errealitateez horrela aritzeko, are gehiago "beste" horiek hiltzen ari direnean errealitate horien azpian, edo bizitza gogorrak bizitzen.