Bidaia ezberdinen esperientziak partekatzeko eta herrialde zein bidaiatzeko modu desberdinak ezagutzeko asmoz sortu zen Ostegun Bidaiariak lehiaketa Aretxabaletako Udalaren eskutik, Arteman Komunikazioaren laguntzarekin.
Erabat errotuta dagoen ekimen honen bosgarren edizioa maiatzaren 18an hasi zen. Lau astetan, ostegunero Aretxabaletako taberna ezberdinetan eskaini dira bidaia ezberdinen diaporamak. Edizioz edizio hazten doa ekimena eta jende ugari batzen da bidaiak partekatzera zein horietaz ikasi eta gozatzera. Debagoienean bizi, ikasi edo lan egiten duen edonork parte hartu ahal izan du, banaka zein taldeka. Beraiekin batera bidaiatzeko aukera izan dugu irudimenarekin eta, zeinek daki, agian etorkizunean guk ere herrialde horiek bisitatuko ditugu.
Irabazlea Miren Aranzabal
Edizio guztietan egin ohi den bezala, irabazlea publikoak aukeratu du emanaldietan jarritako kutxatan botoa emanez, eta irabazleak 100 euroko saria jaso du. Edizio honetako irabazlea Miren Aranzabal elorrioarra izan da, Kanadan eginiko ikasketa eta bizipenen inguruko diaporamarekin. Enpresagintzako ikasketen azken lau hilekoa Toronton (Kanada) egin zuen. Ikasteaz gain, Toronto, Montreal, Ottawa eta New York bisitatu eta hainbat abentura bizi izan zituen: elurteak, gastronomia ezberdinak, azken orduko planak, ingelesa…
Ikasketekin lotutako bidaiak
Bosgarren edizio honetan bestelako bidai esperientzien bila jo dugu: gure artean bizi eta ikasten duten ikasleena. Horietako askok jotzen dute atzerrira ikastera, trukeen bidez zein praktikaldiak egitera. Bat-batean herrialde eta kultura desberdin batera ohitu behar izaten dira, eta zinez bizitza esperientzia bitxiak bizi izaten dituzte. Halakoak izan dira edizio honetako laurak.
Publiko gaztea
Aretxabaletako herrian eta Debagoieneko bidaia-zaleen artean ondo errotutako ekimena da; aurtengoan Mondragon Unibertsitateko ikasleak izan dira protagonista eta bailaraz kanpoko publikoa ere gerturatu da, publiko berria eta gaztea. Aurtengoan publiko gazteagoa izan da nagusi eta alde horretatik antolatzaileek egin duten balorazioa oso ona da. Jendeak jakin-minez erantzun du eta tabernariak ere pozik daude herritarrei eskaintza ezberdinak proposatzeagatik.
Eskerrik asko bidaiari-kontalari guztiei eta parte-hartzaileei!
Erantzun
Sartu