2017ko edizioak marka guztiak gainditu ditu, 51 spot lehiatu dira euskarazko iragarki onenaren saria eskuratzeko. Euspot lehiaketaren seigarren edizioan berdintasunaren eta integrazioaren aldeko spot onenak saritu dira, beti ere euskarazko sormena bultzatuz. Aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundia da Euspot lehiaketaren antolatzaile nagusia, Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibertsitatea, Arizmendi Ikastola, Arteman eta MusicLibrary-rekin batera.
[Sari banaketako argazki galeria: https://www.flickr.com/photos/arteman/albums/72157680546349944]
“Seigarren edizioa orain arteko edizio guztien artetik oparoena izan da, bai kantitate zein kalitatean”, antolatzaileen esanetan aurtengo irabazleen aukeraketa ez da batere erraza izan. Izan ere, 2017ko edizioan 51 spot aurkeztu dira, horietatik 18 urtetik gorakoak 20 izan dira eta beste 31 lan 18 urtetik beherakoak. Hedapen geografikoa ere inoizkorik handiena izan da. Hala, Euskal Herri osotik iritsi dira lanak aurten Euspot-era, Euskal Herriko proiektu bilakatu da; hizkuntzak, euskarak batetik, eta ikus-entzunezko hizkuntzak bestetik, herriak eta hiriburuak batu ditu, lurralde historikoak elkartu, eta euskaraz, sormenak, mugarik ez duela erakutsi da beste behin. Publizitatea, sormena eta euskara uztartzen dituen Euskadiko erreferentziazko spot lehiaketako aurtengo gaia “Aniztasunak aberastu egiten gaitu” izan da.
Euspot-eko antolatzaileek nabarmendu nahi duten beste aspektu bat da sorkuntza areagotzeaz gain, gazteen aldetik jarraipen eta interes handia sortzen duela. Gazteek Euspot-ekiko duten atxikimenduaren isla da, adibidez, seigarren edizio honetan bost eguneko epean 2.800 bototik gora eman direla sarean lan gustukoenak aukeratzeko.
Euskaraz kreatibitatea sustatzeko eta gazteen artean ikus-entzunezkoen diziplina berriak bultzatzeko sortu zen Euspot. Eta hain justu ere, harrobi lan horretan indartsu ekin dio aurten antolakuntzak. Ikus-entzunezko publizitatearen gaineko saioak eskainiz eskola eta ikastoletan, zein ikus-entzunezko eskola espezializatuetan.
Aretxabaletako Arkupe Kultur etxeko Zaraia aretoan egin da sari banaketa ekitaldia. Zaraia aretoa jendez bete da irabazleen izenak zeintzuk diren jakiteko eta lanak txalotzeko. Ekitaldi irekia izan da eta euskal panoramako bi aktore ezagunek aurkeztuko dute; Iker Galartzak eta Aitziber Garmendiak, beti ere umore puntua galdu gabe. Horrez gain, lehiaketan aurkeztutako 51 iragarkietatik epaimahaiak aukeratutako 20 finalistak ikusi ahal izan dira bertan. Ekitaldi ostean mokadu batez gozatu ahal izan dute parte-hartzaileek zein hurreratu diren guztiek.
Guztira, sekulako sariak banatu ditu Euspot Lehiaketak aurten ere. Guztira bost sari banatu dira:
‘Aniztasunak gu egiten gaitu’ spota.
Egilea: Unai Portilla ( Saraso / Trebiñu).
Mikel Irizar, Gipuzkoako Foru Aldundiko hizkuntza normalizaziorako zuzendariak banatu du saria.
‘Aniztasunak milaka aurpegi’ spota.
Egileak: Nora Latatu eta Danel Goikoetxea (Orozko eta Artea).
Goio Arana, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzia fakultateko komunikazio arduradunak banatu du saria.
2.800 bozkatik gora jaso dira sarean guztira. 280 bozkarekin berdinketa egon denez, saria banatu da 2 partaideen artean.
‘Aniztasunak milaka aurpegi’ spota.
Egileak: Nora Latatu eta Danel Goikoetxea (Orozko eta Artea).
Unai Elkoro, Aretxabaletako alkateak banatu ditu sariak.
‘Aniztasuna helburu’ spota.
Egileak: Olaia Benito, Danel Charro, Miren Etxeandia, Elene Errasti eta Lierni Castilla (Aretxabaleta).
‘Guztiok desberdinak gara eta horrek egiten gaitu aberats eta berezi’ spota.
Egileak: Eider Calleja, Eider Magunazelaia, Alazne Zubillaga eta Miren Altuna (Arrasate).
Aurten 31 spot jaso dira Gazteen sarirako, aurreko edizioetako kopuruak bikoiztuz.
Edurne Balzategi, Arizmendiko komunikazio arduradunak banatu du saria.
Musika sinkronizazio onenari saria. Gazteen lana saritu nahi izan da, iragarkiaren musika egokitasunagatik eta originaltasunagatik.
‘Ezberdintasunak batzen gaitu, zaitu’ spota.
Egileak: Iker Plazaola Acosta eta Aritz Plazaola Cortabarria (Oñati).
Arantzazu Lagunilla, Artemaneko zuzendariak banatu du saria.
Aurtengo edizioa berrikuntza ugarirekin etorri da. Batetik, Euspotek webgune berria estreinatu du: http://www.euspot.eus/. Bestetik, gazteen saria BHklip saria izatera pasa da. Hain justu ere, Debagoieneko Arizmendi Ikastolak, orain arte BHklip lehiaketaren antolatzaile nagusiak bat egin baitu lehiaketarekin.
Gazteek sare sozialekin duten harremanaz baliatuz, sare sozialetan ere aurten presentzia handia izan du Euspotek. Hala, publikoaren sarirako 2.800 bototik gora jaso dira. Facebooken, Youtuben eta Twitterren ere asko izan dira argitaratu diren edukiak. Arrakasten artean, nabarmentzekoa da aurten Facebooken egin den zozketa. Polaroid Snap kamera bat zozkatu da eta 500 pertsona baino gehiagok parte hartu dute. Irabazlea, berriz, Isaura Rodriguez izan da. Gainera, Euspot lehiaketak aurten Webgunea ere estreinatu du, plataforma digital dinamiko eta bisuala. Sare sozialetako jarraitzaile kopuruari dagokienez, bikoiztu egin dira jarraitzaile kopuruak sare guztietan; Facebooken 900 jarraitzailera iritsi da eta Twitterren 275 jarraitzaile ditu.
Aurten, Euspot lehiaketak aniztasunaren gaineko lanak jaso ditu. Aniztasunaren alde edo edozein motatako diskriminazioaren aurka hausnartzeko eta sakontzeko iragarkiak dira aurten jaso direnak. Betiere norbera errepikaezina eta desberdina izatea aniztasunarentzat aberasgarria dela ulertuz.
Erantzun
Sartu