Teknologia albisteak

Ostegun Bidaiariak, bidaia esperientziak partekatzeko ekimen errotuak bosgarren edizioa beteko du aurten

Erabiltzailearen aurpegia
2017-03-15 : 10:04

Bidaia ezberdinen esperientziak partekatzeko asmoz sortu zen Ostegun Bidaiariak lehiaketa Aretxabaletako Udalaren eskutik. Edizioz edizio hazten doa ekimena eta gero eta jende gehiago batzen da bidaiak partekatzera zein horietaz ikasi eta gozatzera. Debagoienean bizi, ikasi edo lan egiten duen edonork har dezake parte, banaka zein taldeka. Ekimenaren helburua da bidaia egingarriak ezagutzera ematea, beste batzuek etorkizunean egin ahal izango dituztenak.

Aurreko lau edizioetan 30 pertsonetik gora partekatu dituzte beraien bidaiak publikoarekin; beraiekin batera bidaiatzeko aukera izan dugu irudimenarekin eta, zeinek daki, agian etorkizunean guk ere herrialde horiek bisitatuko ditugu. Izan dira turismoko bidaiak, exotikoak, afizio zehatz batekin lotutakoak, bizitzari beste zentzu bat bilatzeko helburua zutenak, esperientzia berriak ezagutzekoak, munduko beste puntara jo dutenak, uste baino hurbilago leku eta esperientzia izugarriak deskubritu eta bizi dituztenak...

Erreferentziazko ekimena; baita kanpoan ere

Ostegun Bidaiariak ekimenak egin duen ibilbidean ikusi da ideiak errekorridoa eta harrera ezinhobea duela. Jende asko pasa da ekimenetik, bailara osokoak, eta asko da munduko herrialde eta esperientzia desberdinetatik jasotako ezagutza eta bizipena.

Aretxabaletan egiten bada ere, Debagoiena osoko bidaiari eta publikoa pasa da gorpuztutako ekimen honetatik. Are gehiago, hemendik kanpo, ere izan da horren isla; horra hor, ETBk horren berri eman izana zein Roge Blasco beteranoak Radio Euskadi-k gidatzen duen 'Levando anclas' saio esanguratsuan 'Ostegun Bidaiariak'-eko protagonistak elkarrizketatu izana.

Ikasleen esperientzia askotarikoak

Bosgarren edizio honetan erabaki dugu Debagoienean hain ugariak diren bertako zein kanpoko ikasleei ere keinu berezi bat egitea. Horrela, gonbidapena egiten diegu horiei ere ikasketak edo bestelako arrazoiak medio kanpoan egin izan duten egonaldien berri ere jende aurrean eman dezaten. Badira ikasbidaian, praktikatan, Erasmus bidez zein bestelako proiektuekin batera beste herrialde batzuetara jotzen dutenak. Horiek ere baliagarriak dira. Bidai-esperientzia da jaso nahi duguna eta, horren bidez, beste herrialde bat bisitatzeko griña piztea.

Baldintzak

Bidaiak azken 5 urteotan egindakoak izan behar dira. Parte-hartzaileek diaporamen laburpen bat eta argazki batzuk aurkeztu beharko dituzte eta aurkeztutako lanen artean 4 izango dira aukeratuak. Aurkezpenak euskaraz egin beharko dira eta diaporamaren iraupena 30-60 minutu bitartekoa izango da. Hainbat irizpideren arabera egingo da aukeraketa: bidaiaren egingarritasuna eta praktikotasuna, kontakizunean transmititzen den gertutasuna eta diaporamen kalitatea.

Sariak

Publikoaren saria 100 eurokoa izango da.  Bestalde, parte hartzaile guztiek 50 euroko sari-ordaina jasoko dute.

Publikoaren botoak aukeratuko du

Irabazlea publikoak aukeratuko du. Aretxabaletako tabernatan emanaldiaren egunean jarriko den buzoian eman beharko dute botoa ikusleek diaporamen ostean. Aurkezpenetan egingarri diren bidaietarako ideia iturri izateari emango zaio garrantzia.

Emanaldiak

Emanaldiak Aretxabaletako taberna ezberdinetan izango dira, ostegun iluntzetan, 21:30ean. Emanaldien egunak honakoak izango dira: maiatzak 25, ekainak 1, ekainak 8 eta ekainak 15.

Izen ematea

Martxoaren 20tik apirilaren 7ra bitartean aurkeztu beharko dira bidaiaren laburpena eta argazkiak, gazteria@aretxabaleta.eus helbidera idatziz edo 943 71 18 62 telefonora deituz.

Erantzun

Sartu