Teknologia albisteak

Nerea Garrido (Jupiter Jon): “Aldaketa disko bakoitza sortu dugun lekuan dago”

Erabiltzailearen aurpegia
2015-10-16 : 11:11

2011n kaleratu zuten Jupiter Jon irundarrek euren lehendabiziko bilduma.
Lau urtez zuzenekoetan sortzen duten giroaz gozatu ondotik, taldearen bigarren
bilduma argitaratu eta aurkeztu berri dute: ‘Eta metaforak greba egin zuen’.
Nerea Garrido (1983, Irun) taldekidearekin solastu gara.

Noiz eta nola hasi zinen gitarrarekin jolasten?
Institutu garaian eta lagun talde batekin hasi nintzen. Lokal bat lortu genuen Mosku (Irun) inguruan, eta han hasi ginen Radiohead, Pixies eta Nirvana bezalako taldeen abestiak jotzen. Gutxi behar izan genuen gure kantak sortzeko, eta kontzerturen bat edo beste ere jo izan genuen.

Gerora Aida etorriko zitzaizun taldea osatzeko ate-joka...
Bai, Baxi Ubedak (1970, Tolosa) eta Aidak (1979, Aviles, Espainia) elkarrekin zerbait egiteko zuten gogoaren ondorioa da Jupiter Jon. Taldea osatzen hasi zirenean Aidak nirekin kontaktatu zuen, eta hirurok elkartu ginen hasieran. Gero, laugarren kide baten bila hasi ginen, jolasteko tresna gehiago izateko, eta Baxik Joxe Caballerorengana (1978, Donostia) jo zuen. Orduan utzi genion taldearen izena aldatzeari, eta laukotea osatu genuenean guztiak zentzua hartu zuen.


Argazkia: Jon Iraundegi


Lehen lana erditu zenutenetik lau urte bete direnean aterako duzue bigarrena. Nola laburtuko zenituzke azken urte hauek?

Gorputzak eskatzen diguna egiten dugu. Lehen diskoa grabatu ondoren zuzenean jo nahi genuen, eta kanta berriak sortzeko gogoa berreskuratu genuen arte horretan murgildu ginen. Ondoren, abesti berriak egin eta forma hartu bezain azkar sartu ginen estudioetan. Laurak elkartzea nahi baino zailagoa da, gauzei buelta asko ematen diegu eta konturatu orduko lau urte pasa dira!

Tira, taldeak nabaria du 80ko hamarkadako hardcore eta punkaren eragina, baina zure ustez zein musika talde edo musikarik izan du zuen lanean eraginik gehien?
80ko hamarkadako eragina, hein handi batean, Baxiren errua da, bere gitarra 60ko hamarkadakoa den arren! Pertsonalki, gustuko ditudan musikarien zerrenda egitea zaila zait; Shellac edo Slint aipatu ditzaket, baita Wilco, The Drones edota Scout Niblett taldeak ere. Edozein modutan, bost minutu barru seguruenik Joe Lally eta Townes Van Zant zerrendara gehitzeko eskatuko nizuke... Aaaargh, hurrengo galdera, mesedez!

Kontaidazu, nola bizi izan duzu bigarren bildumaren grabazio prozesua?
Lehen diskoa bezala, hau ere taldeko bosgarren kidearekin, Karlos Osinaga Txap-ekin, grabatu genuen maiatzean, Bonberenean. Oso lagun onak gara, badaki estudioko lau pareten artean taldeko kide bakoitzaren hoberena nola atera eta gure ahuleziak eta indarrak ezinhobeto ezagutzen ditu.

Giro hori agerian dago bilduma berrian.
Testuinguruak grabazioa erraztu zuen, eta plazera da berarekin lan egitea. Gainera, aurreko diskoan ez bezala, Jonan Ordorikaren laguntza izan dugu masterizazioan eta pastizaren ginga izan da hori.

Diseinuan ere lehen diskoaren esperientzia errepikatu nahi izan duzue, oker ez banago.
Bai, Baxik egin du, Lamberto Perurenak guretzat egin dituen marrazkiak erabilita; bere jarraitzaileak gara!

Kolaboraziozaleak ere bazarete. Zeinek parte hartu du oraingoan?
Lagun handiek parte hartu dute abestiak borobiltzen. Txap-en gitarraren melodiaren bat edo beste aurkituko du entzuleak batetik, Iñaki Lópezek (Kokoschka) ere gitarra sartu du, Olatz Pérezek abestu, Ossesek alboka jo eta Mikel Zelaia Mirri-k kongoak sartu ditu.

Zuzenekoetan ere parte hartuko dute?
Nahiko genuke! Baina guztion agendak sinkronizatzea oso zaila da. Hala ere, ziur naiz kolaboratzaileetako baten batek etorri ahal duenean agertokira igoko dela. Uda honetan Orbarako Malkei jaialdian jo genuen, adibidez, eta Iñakik eta Ossesek parte hartu zuten. Are gehiago, eurei esker, kontzertua gau magiko bilakatu zen.

Elkarrizketa osoa irakurri ahalko duzu GAZTEZULO.EUS webgunean

Erantzun

Sartu