Teknologia albisteak

Zuriñe Hidalgo: “Nahiago dut plaza dantzan baino sentimenduz beterik kantatzen ikusi”

Erabiltzailearen aurpegia
2014-11-13 : 13:45
Hesian taldearen ‘Hegalak astinduz’ disko berria alde batetik, ETB1-eko ‘A ze banda!’ saioa bestetik; egunari gainontzekook baino ordu gehiago ateratzen dizkion irakaslea dugu Zuriñe Hidalgo (Gasteiz, 1990).
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37Argazkiak: Galder Izagirre
 
Zizur Nagusian genuen egina hitzordua, baina azkenean EITBren Miramongo egoitzan batu gara Zuriñerekin. Disko berria aurkeztera joan dira Fran Urias taldekidea eta biak Zuek hor eta gu hemen saiora, eta nola ez, Alkain eta konpainiak sorpresa bat zuten prest: Betizuren garaietan Zuriñeren kide izan zen Telmoren bisita. Fran agurtu eta telebistako adrenalina alde batera uzteko, Aiete aldera egin dugu lasaitasun bila. Lankide Nagorek aipatu digu badela paseorako txoko aproposez inguratutako baserri bat, eraberritu ostean kultur etxe lanak egiten dituena. Halaxe heldu gara Katxola etxera. Argazkiak egiten hasi eta denbora gutxira, lehen euri tantak erori dira, eta atarian babestu gara. Orduan, gazte bat agertu da. Baserriko sotoan entseatzen du; bateria-jotzailea da. Bere baimenarekin sartu gara barrura, eta bonbo eta platillo doinuak lagun, azken argazkiak atera eta elkarrizketari ekin diogu.
 
 
Lanbidez, haur hezkuntzako eta musikako irakaslea zara. Bokazioz?
Guztiz. Alde batetik, haurrak asko maite ditut eta haiekin lan egitea ikaragarria da. Egunero daukate zerbait berria zuri erakusteko. Bestetik, etorkizuneko pertsonak ongi heztea erronka handia, gure gaurko haurrak etorkizuneko helduak izango baitira, gizartearen isla, eta ondorioz, lan hori ahalik eta hoberen egiten saiatzen naiz beti. Eta lan horretan, musikak beti du bere lekutxoa, musikarekin guztiak hartzen duelako zentzu gehiago.

 

Zu zeu haurra zinela hasi zinen abesten…
Amonarekin pila bat abesten nuen, eta betidanik izan dut gogoko, nahiz eta oso kontziente ez nintzen. Begira, ezagutzen ez nituen txikitako grabazio batzuk oparitu zizkidan amak, eta horietan ikus naiteke mikrofonoa zuen irratikaseterekin, zinta sartu, play sakatu eta kantak grabatzen. Bospasei urte izango nituen, orduan oraindik Gasteizen bizi bainintzen.

zuriñe__arg22_1415271286Eta etxeko kamera aurretik, telebistako platora.
Urte batzuk geroago, lehen karaokeak-eta egindakoan, konturatu nintzen gustuko nuela mikroa hartu eta jendeaurrean abestea. Baina oso-oso lotsatia nintzen, autoestimu baxuko neska. Hala ere, ikusi nuenean telebistan casting bat egin behar zutela, apuntatzea erabaki nuen. Ez galdetu nola, ez dakit-eta indar hori nondik atera nuen, baina nahiak beldurra eta lotsa gainditu zituen. Amari esan gabe deitu nuen gainera, eta aipatu nionean… “Zer egin duzula?!” Oso argi gogoratzen dut telefonoa hartu nuen momentua. Gaur da eguna, ez dakidana nola atera nuen lotsa gainditzeko indarra. Agian horri aurre egiteko modua izan zen.

Dei hori egin izan ez bazenu…
Batek daki. Baina deitu nuen, eta castinga egin eta hartu nindutela jakitea nire autoestimuarentzako energia positibo txute bat izan zen. “Ongi egiten dut”, pentsatu nuen. Kantatzea gustuko nuen, baina ez nekien ondo egiten nuen edo ez. Nire buruarengan konfidantza izateko balio izan zidan, eta nahi nuen horrengatik  borroka egiteko.

Oso gaztea zinen, hamaika urte, telebistan… frustrazioak barra-barra izaten dira halakoetan.
Amak beti esaten zidan: “Ados, mobida honetan hasiko zara, baina ikusten badugu notak jaisten direla edo zure eginbeharrak alde batera uzten dituzula, akabo”. Hori, beraz, oso argi neukan; are gehiago, notek gora egin zuten. Bestetik, errepikatzen zidaten umea nintzela, oinak lurrean izateko eta lagunak zaintzeko. Eta nik lagunei esaten nien: “Aizue, ikusten baduzue egunen baten aldatu egiten naizela, esaidazue, ez dut aldatu nahi eta!”

Nolakoa zen asteko jarduna?
Astean zehar klasera normaltasunez joaten ginen, baina ostiral arratsaldeak eta larunbatak grabatzen pasatzen genituen. Hala ibili nintzen tarteka, saio ezberdinak egiten denboraldi batez. Laburbilduz, hamaika urterekin Betizu karabanan abestu nuen lehen aldiz, Zizurren, gero BT 2.0 saioan hasi nintzen, eta pare bat urtez edo Betizu Taldearekin biran aritu nintzen. Baina hamabost urterekin, badakizu, lagunekin lehenengo parrandak… beste bizipen batzuk izaten hasten zara, eta horiek guztiak alde batera utzi eta uda guztia grabatzen aritzeak ez zidan grazia handirik egiten. Beraz, “nahikoa da” esan, eta ibilbide hori amaitutzat eman nuen.

Ez zinen baina denbora luzez egon mikroa hartu gabe. Jende askok agian ez daki, baina zure lehen musika taldea Jeimon Turk Band* izan zen.
Hala da, 16-17 urte nituela osatu genuen Iruñerriko bederatzi lagunek; hortxe konposatu nituen nire lehenengo kantak. Abesteaz gain, garai hartan ekin nion musika sorkuntzari. Iruñerrian eta inguruko auzo eta herrietan kontzertuak jotzen hasi ginen, batez ere Nafarroan. Baina Arabatakadako Maketa Lehiaketara aurkeztu, irabazi eta bertan ere jo genuen. Gauzatxoak ateratzen ziren. Nahiko musika estilo gabekoa zen, hippie samarrak ginen, eta denetarik egiten genuen. Hala ere, gaur egun ere oraindik bada jenderik esaten didana Hesianen egiten duguna baino gustukoago zuela Jeimonen egiten genuena.

Kanta dantzagarriak ere bazenituzten, ‘Funky’ adibidez.
Bai. Dena dela, nik ez dut batere gustuko kanta dantzagarriak egitea. Nire asmoa justu kontrakoa da. Baina bere garaian denetarik egin genuen.

2011ko ekainaren 21ean, Auritzeko jaietan: Hesian eta Jeimon Turk Band. Nola da posible?
Ez dakit nola gertatu zen, baina pasada bat izan zen. Ez dut gogoan zein talderi idatzi zioten lehenengo, baina esan zidatenean bi taldeetako kideek Auritzen jo behar genuela… Ez dakit kasualitatea izan zen ala ez.

Garai batez, beraz, bi taldeetan batera aritu zinen.
Bai. Hesianekoek proposatu zidatenean eurekin hastea, baldintza bakarra jarri nuen: Jeimon alde batera ez uztea. Arriskatu egin nintzen, baina ez nuen nire taldea utzi nahi. Eta urtebetez edo, bi taldeak konbinatu nituen. Eta Auritzen bi kontzertuak egin nituen; jendeak flipatuko zuen. Hori bai, oso urduri egon nintzen, bi taldeak afaltzeko elkartu baikinen, eta tentsio puntu bat bazegoen…

Jeimon noiz utzi zenuen?
Hesianen 2010eko urrian sartu nintzen, eta Jeimon utzi 2011ko… Gabonetan! Gogoan dut, negar asko egin bainuen; oso gaizki pasatu nuen.

Hesianen buru-belarri hasi zinen orduan, baina tartean telebistara bueltatzeko beta ere izan zenuen, ETB1-eko ‘Kantuan’ saioan.
Saio berri bat egin behar zutela esanez deitu zidaten, eta nire buruari galdetu nion berriz telebistan hasteak merezi ote zuen. Uste dut harra neukala barruan, telebistako zirrara berriz bizitzeko. Jende gaztea zein heldua zegoen, eta froga egitea erabaki nuen, askorik pentsatu gabe egia esan; nahiko zoroa naiz horrelakoetan. Hala ere, orain bai paratzen naiz pentsatzen horrelakoek zein eragin izan dezaketen taldean. Baina aldi berean, argi dut ni ere hor nagoela, eta nik zer egin nahi dudan ere garrantzitsua dela.

 
 
Irakurri elkarrizketa osoa GAZTEZULO.com-en
 

Erantzun

Sartu