Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono // Argazkia: 25geltokia.info
Zein da Añorgaren egoera? Zerk kezkatzen zaituzte?
Añorgan etxebizitzarena arazo handia da. Urteak joan eta urteak etorri auzoko belaunaldi desberdinek Añorgatik alde egin behar izaten dugu emantzipatzeko garaia iristen zaigunean. Ez da, ordea, gazteoi bakarrik eragiten digun kontua. Helduagoei ere bete-betean eragiten dien arazoa da, eta azken batean añorgatar guztiok eta Añorga bera gara kaltetuak.
Kezkatzen gaitu etxebizitza eskuratzeko dugun arazoa. Kezkatzen gaitu batetik etxebizitzak ez duela behar lukeen eskubide trataerarik. Eta kezkatzen gaitu honi lotuta Añorgan egunez egun ikusten dugun arazoak: añorgatarrok ezin badugu Añorgan bizi, añorga ez da biziko. Honi eman nahi diogu buelta eta etxebizitza eskubidea eta herrigintza uztartuz ari gara lanean.
Zein da Añorgarentzat gaur egun martxan dagoen plan arkitektonikoa?
Euskal Herrian bezala, Añorgan ere etxebizitza ez da eskubide bat. Ez behintzat praktikan. Honenbestez Añorga inguruko proiektu arkitektoniko guztiek ere norabide bera dute eta tamalez ez da guk nahiko genukeen norabidea. Belartzako etxebizitza adosatuak, Atotxa Errekako luxuzko urbanizazio proiektu fantasma edota eraistear diren Rezolako Etxe Handiko 30 etxe hutsak añorgatarron interesen kontrakoak dira erabat. Plan hauek pentsatzen dituenak ez du pentsatzen zeintzuk diren añorgatarron beharrak eta eskubide izan behar lukeen etxebizitzarekin espekulatzen dute.
Nola sortzen dira etxe berriak Añorgan? Zeintzuk dira martxan dauden proiektuak?
Egun esan daiteke Rezolako eraikinaz gain Atotxa Errekakoa dela Añorgan aktibo dagoen proiektu bakarra. PSE-ren gobernualdian onartutako proiektua da, eta finean landa gunea zen mendi oso bat urbanizatu eta partzela txikitan banatu dute. Modu horretan, bakoitzak bere partzela erosi beharko luke eta ondoren bere etxea eraiki. Oker ez banago partzela merkeenak 300.500 euro inguru balio ditu eta ondoren etxea eraiki beharko litzateke. Argi eta garbi dago ez dela añorgatarron beharrei erantzuten dien proiektua!
Nolako Añorga sor dezakeela aurreikusten duzue?
Añorgatarrok ezin bagara Añorgan bizi, Añorgak ez du aurrera egingo. Añorga bizirik jarrai dezan, auzoarekin konprometitutako jendea ezinbestekoa da. Zaila da hori lortzea Añorgan bizitzea ez badugu posible. Gazteok Añorgatik alde egin behar izaten dugu eta beste batzuk etortzen dira. Batzuek Añorgaren alde gogor egiten dute lan, baina, hala ere, Añorga lo egiteko herri bihurtuko ote den beldur naiz ni.
Alde egin nahi ez duten gazteek, zein da Añorgan bizi ahal izateko duten aukera?
Etxebizitzak eskubidea izan beharko luke eta horrela bermatuta egon beharko litzateke. Eskubide hori bermatzea administrazioari dagokio. Tamalez gaur egun egoera horretatik urrun gaude eta epe laburrean hori bermatzea ezinezkoa izango dela jakitun, gazteok beste bide batzuk jorratu behar ditugulakoan nago. Administrazioak etxebizitzaren inguruko politiketan aldaketa handia eman beharko du eta bitartean herriak gabezia horri aurre egin ahal izateko irtenbideak bilatu beharko ditu. Etxebizitza eskubidea erreala izan dadin, administrazioak eta herriak egin beharko dute lan. Bakoitzak bere aldetik zein elkarlanean.
Oraingoz herriak eta gazteok gure bidea egin beharko dugu eta etxe hutsek paper garrantzitsua joka dezakete. Okupazioa aukera bat da, baina ez bakarra. Besteak beste etxe hutsak zerrendatu, jabeak identifikatu eta alokairu sozialak ere negozia daitezke.
Aurretiaz horrelako mugimendurik egon al da Añorgan?
Bai izan da mugimendua. Esan bezala etxebizitzaren arazoa ez da berria gurean eta honenbestez lehenago ere izan da aldarrikapen eta ekintzarik. Bitan kooperatibak sortu eta etxebizitzak eraikitzeko hainbat proiektuak abiatu ziren. Lehenak aurrera egin zuen eta sei etxebizitzako dozena bat bloke eraiki ziren gisa honetan. Bigarrenak ez zuen aurrera egiterik izan eta askok kanpora jo behar izan zuten. Eredu honek, ordea, ikusi dugu epe motzean arazoa konpontzen duela ematen badu ere, epe luzera berriro ageri dela, beraz, noizbait berriro kooperatiben aukerari helduko bagenio, uneko arazoa konpontzeaz gain etorkizunekoa ere konpondu dezan bermatu beharko genuke. Jabetza publikoa izan daiteke horretarako gako bat.
Kooperatiben eredua ez ezik, esan behar dugu lehenago ere okupazio mugimenduak baduela aurrekaririk Añorgan. Guk okupatutako eraikinean bertan, zein beste hainbat baserritan, añorgatar askok okupatu izan dute. Ez gara lehenak izan ezta azkenak izango ere!
Zergatik erabaki duzue orain altxatzea?
Altxatzea erabaki badugu arazoak bete-betean eragiten digulako da. Emantzipatu egin nahi dugun arren, ezin dugu. Alokairurako dirurik ez daukagu. Erostea (eredu horrekin ez dugu bat egiten) bururatu ere ez zaigu egiten. Eta egoera hori Añorgako errealitatean txertatuta (Añorga hiltzen ari da, lotarako herri bihurtzeko bidean…) bada, altxa eta gure eskubideak aldarrikatu eta borrokatu behar dugula uste dugu. Eta gurea aldarrikatu eta borrokatu beti ere Añorgako ikuspuntutik, izan ere, Añorga biziko bada, Añorgan bizi behar dugu!
Zergatik belaunaldi honek erabaki du borrokarako pausoa ematea?
Belaunaldi honek eman du pausua, baina, lehenago esan bezala, aurrekariak badaude. Azken urteetan ez da gehiegi jendarteratu, baina, egia da gazte mugimenduak ere ez dituela urte onenak bizi izan. Egun indartsuago dago eta hori nabari da Añorgan. Okupazio hau zein beste hamaika ekimen ez dira kasualitatea. Nik badut hipotesi bat Añorgako gazte mugimendua hain indartsu zergatik egon daitekeen azal dezakeena, baina, beste baterako utziko dugu.
Zer da ‘Etxi Gabe’?
Jarrera bat agertzen duen mugimendua da. Etxe gabe gaudela eta etsi gabe borrokatuko dugula adierazten du. Herri mugimendu zabal bat da eta sigla politiko eta kolektiboez haratago herritarrok hartuko dugu parte bertan. Oraindik sortzeko fasean dago eta gure ekimena bertatik zuzendua izan ez bada ere, helburuekin bat egiten duenez, mugimendua indartzeko balio izan duelakoan gaude.
‘Etxi Gabe’ bakarrik aurrera eraman duen ekintza al da? Beste kolektibo batzuen laguntzarik izan al duzue? Kolektiboetan parte hartzen ez duten norbanakoek ere lagundu al dute?
Aipatu bezala Etxi Gabe sortze fasean dago eta ekintza hau ez da Etxi Gabetik abiatutako ekimen bat. Gure kabuz jokatu dugu, nahiz eta guk gure burua mugimenduaren barruan kokatzen dugun. Okupazioa publiko egin bezain laster Etxi Gaberen babesa sentitu dugu. Hala, ez gara atxikimendu kolektibo bila ibili eta herritarrengan topatu dugu babesa eta laguntza. Kolektiboetan parte hartzen zuten batzuek, baina, norbanako bezala lagundu digute.
Lehenengo pausoa eman duzue. Zer ekintza gehiago dituzue prest?
Etxe handiaren okupazioarekin bagenuen alternatiba bat denboran gauzatzeko ametsik, baina, eraiste agindua sinatua zuen Eusko Jaurlaritzak eta ez da posible izan. Hala ere garbi esan dugu hau hasiera besterik ez dela eta momentuz beste ekintza zehatzik adostu ez badugu ere Etxi Gabe helduko diogu! Lehen fasetik berriro arazoa jendarteratu eta herritarrak aktibatu nahiko genituzke, ondoren jende gehiagok eragin ahal izateko. Argi dugu herri osoak egiten ez badu, nekez lortuko dugula.
Zein da zuen helburua?
Gure helburua etxebizitza eskubidea bermatu eta Añorga bizi bat izatea da.
Zeinen artean uste duzue egon behar duela elkarrizketa?
Administrazioak izan behar du etxebizitza eskubidea bermatuko duena, baina, lehen aipatu bezala egoera ez da nahi genukeena eta ez da gainera legegintzaldi batean irauli daitekeen kontua. Hala lehentasunez herritarron artean hitz egin behar dugu eta gure bidea abiatu. Ondoren iritsiko da elkarrizketarako garaia eta etxebizitzaren gaian zeresanik duen ororekin hitz egin beharko dugu, bai administrazioarekin, baina, baita partikular, eraikuntza enpresa eta banketxeekin ere.
Zein da zuen proposamena?
Gaur gaurkoz ez dago proposamen zehatzik. Baina, oro har, esan daiteke alde guztiek parte hartuko duten prozesu bat gauzatu behar dela etxebizitza benetan izan dadin eskubide eta ez luxu edota espekulaziorako iturri.
Erantzun
Sartu