Teknologia albisteak

Bizikleta ibilbideek eta teknologiek bat egingo dute Gazte Ibiltariak egitasmoan

Erabiltzailearen aurpegia
2013-05-31 : 11:54
8 gaztek 350 km egingo dituzte bizikletan Euskal Herrian zehar Asier Muniain, Oihana Kortazar, Irati Anda eta Ander Izagirre  kirolariek gidaturik, Gazteaukera eta Ibilbideaken eskutik.

Gazte Ibiltariak egitasmoak bizikletaz 7 eguneko ibilbidea prestatu du kirol abenturaz gozatzeko prest dauden 8 gazterentzat. Euskal herrian zehar astebeteko ibilbidea egingo dute gazteek, guztira 350 km, pedalei eraginez.

Parte hartzaileek, egunero,  egitasmoaren jarraipena eta esperientzien berri Gazteaukera blogean atarian emango dituzte, argazki, bideo, kronika eta mapen bidez. Era berean sare sozialetan  ere emango da ekimenaren berri.

Ibilbidea abuztuaren 4tik 11ra bitartean egingo da eta gazteek bidaiako gastu guztiak ordaindurik izango dituzte; hala nola, bizikleta eta zorroen alokairua, otorduak, aterpetxeak, asegurua etb.

Bizikletaz gain bidaian zehar surfa, eskalada eta mendi martxa egingo dituzte 8 gazteek, Asier Muniain, Oihana Kortazar, Irati Anda eta Ander Izagirre kirolariek gidari direlarik. Taldeak garraio publikoa hartuko du tarteka eta Euskal Herriko aterpetxe eta kanpinetan hartuko dute ostatu.

Gazte ibiltariak deituriko ekimenak gazteen artean kirol jarduera sustatzea du helburu eta horretarako lehiaketa bat jarri du abian taldea osatze aldera. Lehiaketa honetan parte hartzeko interesa duten lagunek testu bat, bideo bat edo poster bat bidali beharko dituzte Gazteaukera webgunean dauden oinarrietara. 

18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat zabalik dago ekimen hau eta parte hartzeko beharrezkoa da Gazte-txartelaren titular izatea. Maiatzaren 28tik ekainaren 19ra bitartean jasoko dira lanak.

Gazte Ibiltariak, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak Gazte-txartelarekin elkarlanean egindako proiektua da.

Erantzun

Sartu