Teknologia albisteak

Galtzagorri Elkartea

Erabiltzailearen jarduna

“Amattoren uzta" APPa sortu du Galtzagorri Elkarteak, tradiziozko ipuinetan nabigatzeko aukera eskainiz

2018-06-21 : 08:12

Klis-klasikoak app bildumako hirugarren app-a sortu du Galtzagorri Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin eta Erein argitaletxearen eta Orona Fundazioaren babesarekin: “Amattoren Uzta app”a. Bertan, transmedia kontakizunetara salto egin du Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak. “Amattoren Uzta” (Alberdania, Erein, Igela, 2012) liburuan bildutako 15 istorio tradizionaletako hiruri bizia eman die: Abentura grafiko bihurtu du horietako bat, 360 graduko diseinua eman dio beste bati, irakurlea istorioan bertan sar dadin, eta animazioa eta interaktibitatea eskaini die guztiei. Gainera, jolasten duen bitartean, istorio tradizional hauek entzuteko parada izango du irakurleak. App berri honi lotuta, lehendabiziko transmedia irakurketa kluba burutuko du elkarteak datorren uztailean Orona Fundazioaren egoitzan, Orona Ideon (Hernani, Galarreta). Honen helburua 8-12 urte bitarteko gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzea eta literatura dibertsioarekin lotzea da. Izen ematea zabalik dago ekainaren 22ra arte.