Urriaren 7an eta 8an, Saran, Ikusi Mikusi azokaren bigarren edizioa egingo dugu. Euskarazko haur eta gazte literatura ardatz duen azoka bakarra da Ikusi Mikusi, Bidasoaz beste aldean antolatzen duguna Kiribil konpainiarekin eta Pamiela argitaletxearekin batera. Aurtengo edizioaren gaia Gure xaharrak da, eta antolatu ditugun tailer eta ikuskizun batean baino gehiago agertuko da.
Iaz bezala aurtengoan ere azokaren lehen eguna, urriak 7 ostirala, Eskolen Eguna izango da. Ikasleak beren ikaskideekin eta irakasleekin batera joango dira eta jolasak, sormen-tailerrak, beren lanen aurkezpenak eta idazleekin topaketak egiteko aukera izango dute, besteak beste. Liburu-azokaz gozatzeko paradaz harago, ikasle bakoitzak bere liburua eskuratu ahal izango du iaz abiatu eta aurten jarraipena emango diogun bonu-sistemari esker.
Urriaren 7an euskarazko haur eta gazte literaturako zenbait profesional mahai-inguru baten bueltan bilduko ditugu. Gaia honakoa izango da: Haur eta gazte literaturan euskaraz sortu, ala itzuli?
Urriaren 8a, larunbata, Familien Eguna izango da. Aurreko egunean bezala, bisitariek tailerrak, topaketak eta ikuskizunak izango dituzte aukeran. Nerabeentzat berariaz sortutako programazioa ere badago. Ekintza horiez guztiez gain, erakusketak ere izango dira feriak irauten duen bi egunetan: Eskoletan egindako lanen erakusketa eta Silent Books hitzik gabeko liburuen erakusketa Galtzagorrik, OEPLI eta IBBYrekin batera sortu duena.
Egitarau osoa hemen aurkitu dezakezu.
Erantzun
Sartu