Teknologia albisteak

Haurrentzako liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra urtarrilean Iruñean

Erabiltzailearen aurpegia
2017-12-14 : 13:38

Haurrentzako liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra egingo dute urtarrilean Iruñean, Galtzagorri elkarteak eta Iruñeko udalak antolatuta. BIKOTEKA izeneko Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerraren 2018ko edizioa Iruñeko Descalzos Kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan gauzatuko da urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra. Bigarren urtean, tailerra berrikuntzekin dator: lau egun eta erdiz burutuko da oraingoan, eta haurrentzako liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu eta marraztu lantzeaz gain, hau nola argitaratu ere jorratuko dute parte hartzeko hautatuak izango diren idazle eta ilustratzaileek. Gehienez 8 bikotek parte hartuko dute. Idazle eta ilustratzaileek urtarrilaren 15a arte dute dokumentazioa bidaltzeko aukera. Ekimen hau Haurrentzako Album ilustratuak sortzeko Etxepare Sariaren laguntzari esker burutuko da.

BIKOTEKA lau egun eta erdiko ikastaro trinkoa izango da. Bertan, liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute idazle eta ilustratzaileek binaka, Harkaitz Cano idazlearen eta Aitziber Alonso ilustratzailearen gidaritzapean. Euskal album ilustratuen argitalpen mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute gainera parte hartzaileek aurten: liburu grafikoak argitaratzen dituzten Unai Pascual (Denonartean) eta Pello Elzaburu (Pamiela) editoreek tailerraren azken egunean saio bat eskainiko baitiete sortzaileei.

Tailerraren xede nagusia haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Aurten gainera, album ilustratuen edizioaren munduak gurean nola funtzionatzen duen arakatuko da. Hala, tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatuko du.

8 bikote bakarrik

Interesatuta dauden idazle eta ilustratzaileak bakarka edo bikoteka aurkeztu daitezke. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko die beste hautagaien artean Galtzagorri Elkarteak. Guztira, 8 bikote onartuko dira eta horiek beka bana jasoko dute Iruñeko Descalzos kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan (Descalzos kalea 56, 2. solairua) goizez eta arratsaldez, urtarrilaren 29, 30, 31 eta 1ean, eta goizez bakarrik otsailaren 2an burutuko den formazio tailerrean parte hartzeko.

2018ko deialdia zabalik

Datorren urteko urtarrilean egingo den tailerrean parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 15a baino lehen bidali behar dute dokumentazioa Galtzagorri Elkartera: idazleek, gehienez ere, orrialde bateko idazlan labur bat aurkeztu behar dute; ilustratzaileek 3 ilustrazio. Bikotean aurkezten direnek, euren proiektuaren zirriborroa. Horrez gain, curriculuma eta NANaren kopia. Parte hartzeko ez da lan argitaraturik izan behar eta hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira. Informazio guztia Galtzagorri elkartearen webgunean.

 

Erantzun

Sartu