Teknologia albisteak

Liburua eta bideoa uztartuz, irakurketa sustatzen

Erabiltzailearen aurpegia
2015-06-18 : 10:08

Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak hirugarren urtez jarraian antolatu du Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa eta orain arteko book trailerrik originalenak aurkeztu dituzte parte hartzaileek, 12 eta 16 urte bitarteko gazteek. Lehiaketak, beste behin ere, harrera ezin hobea izan du gazteen artean eta sari-banaketa ekitaldian islatu zen hori. Sormen handiko gazteak, gazte sortzaileak eta irakurzaleak dira belaunaldi berri horretakoak.

Ekainaren 15ean banatu ziren Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako sariak Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertan izan ziren Galtzagorri Elkarteko lehendakari Iñaki Markotegi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua; lehiaketa antolatzen eta laguntzen duten bi erakundeen izenean. Horrez gain, ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan diren liburuen egile eta editoreak ere izan ziren ekitaldian. Besteak beste, Mirentxu Larrañaga itzultzailea (Pijama marradunaz jantzitako mutikoa), Aitor Arana idazlea (Maitasun sua) eta Antxine Mendizabal editorea (Elkar). Eta, noski, saria jasotzera etorri ziren Bergarako, Lasarteko, Urnietako eta Donostiako gazteak.

Aurten lehen aldiz, epaimahai batek erabaki ditu irabazle nagusiak. Publiko zabalak, berriz, boto bidez hautatu ditu bi kategoriatako irabazleak eta horiek Publikoaren Saria jaso dute.

Guztira, sei sari banatu dira

2 sari Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoko irabazleari eta DBH3-4 multzokoari; lau lagunentzat abentura txangoa eta ikasgelarentzat 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Norbanakoen kategorian, berriz, maila guztiak batera lehiatu dira eta sari bakarra eman da: 100 euroko bonoa (liburu eta diskotan gastatzeko) eta e-reader bat.

Horrez gain, aurten Publikoaren Saria ere banatu da, boto gehien lortu dituen book trailerrarentzat.

Eta ohi bezala, boto-emaileen artean e-reader bat zozkatu da.

Sariak banatu ahala irabazleen book trailerrak ikusteko aukera ere izan zen.

Ekitaldia Idoia Noble itzultzaile, interpretari eta aurkezleak gidatu zuen.

Ernamuin berria loratzen ari da

Aitor Arana idazle eta itzultzailea izan zen sarietako bat eman zuena, hain zuzen, berak idatzitako Maitasun sua liburuari buruzko book trailerra egin duten Platano moreak taldeko kideei eman zien saria. Bada, saria ematearekin batera adierazi zuen berak beti pentsatu izan duela "kutura sare handi bat dela eta denon artean osatzen dugula. Eta gaur egun ernamuin berriak loratzen ikustea oso pozgarria da".

Sari emale guztiek izan zituzten esker on eta zorion hitzak irabazleentzat eta euren book trailerrekin irakurketa sustatzen jarrai dezaten gogoz irakurtzen segitzera animatu zituzten.

Sari nagusiak

Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoan Maj3 taldea izan da garaile, Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (Alberdania, 2007) liburuaren book trailerrarekin. Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxeko DBH1eko ikasle taldearentzat, hortaz, sari nagusietako bat.

Kategoria honetan, baina, DBH3-4 multzoan, Platano moreak taldearen lana (Maitasun Sua liburuari buruzko book trailerra) izan da onena epaimahaiaren iritziz. Talde hau ere Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxeko DBH3ko ikasle talde batek osatzen du.

Norbanakoen kategorian, berriz, Loretxoak taldearentzat izan da saria. Zuhaitzak landatzen zituen gizona (Denonartean, 2013) liburuari buruzko lanarekin irabazi dute.

Publikoaren Saria

Ikastetxeen kategorian Azaloreak taldeak irabazi du 32 botorekin eta Norbanakoenean ILUMINATIAK taldeak 19 botorekin. Guztira, 354 boto bildu dira, 242 Ikastetxeen kategoriako book trailerrek jaso dituzte eta 112 Norbanakoen kategoriakoek.

Azaloreak taldeak Patxi Zubizarretaren Atlas sentimentala (Alberdania, 1998) liburuari buruzko book trailerrarekin irabazi du. ILUMINATIAK taldeak, berriz, Joanes Urkixoren Gerlari zuria (Elkar, 2003) liburuaren book trailerrarekin lortu du saria.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu