Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak garatutako Txikipedia ekimena 10.000 artikulutara iritsi da. Mugarri hau ospatzeko, berrikuntzak ekarri dituzte Wikipediaren azpi-atal didaktikora: azal berritua, atari tematiko berriak eta edukiak aurkitzeko modu errazagoak. Txikipedia 8-13 urte bitarteko haurrentzako entziklopedia bat da, Euskarazko Wikipediaren barruan txertatua, adin-tarte horretako umeentzako moduko lexiko eta sintaxiarekin egina.
Txikipediak, 8-12 urtekoentzako euskarazko entziklopedia libre eta kolaboratiboak, 10.000 artikuluen langa gainditu du. Mugarri hori ospatzeko, proiektuak hainbat berrikuntza aurkeztu ditu, erabiltzaileentzako esperientzia hobetzeko eta edukien antolaketa indartzeko.
Azken urteetan etengabe hazten joan den proiektuak urrats berria eman du bere garapenean. 10.000 artikuluen kopurura iristearekin batera, Txikipediaren azala berritu da, ordenatuagoa eta orekatuagoa izan dadin. Eduki dinamikoek protagonismo handiagoa hartu dute, hala nola ausazko hitzek, IKUSGELAko “Zortziko Txikian” bideoek edo “Ba al dakizu?” atal ezagunak. Era berean, “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuak ere presentzia nabarmenagoa izango du hemendik aurrera.
Berrikuntzarik garrantzitsuenetako bat atari tematikoen sorrera izan da. Astronomia, Bizia, Euskal Herria, Historia eta eskolarako oso erabilgarriak diren gaiak antolatzeko gune berriak sortu dira, etxeko txikiek edukiak modu antolatuagoan eta erakargarriagoan esploratu ahal izan ditzaten. Atari horiek ez dira bilatzailearen ordezko gisa sortu; aitzitik, ikasleei, irakasleei eta familiei jakintza-arlo jakin baten inguruko edukia modu egituratuan aurkezteko tresna gisa pentsatu dira.
Helburua ez da artikulu solteak pilatzea, baizik eta edukien arteko loturak agerian jartzea eta irakurketa-ibilbide esanguratsuak eskaintzea. Horrela, erabiltzaileak ez du artikulu bakar bat kontsumitzen; testuinguru zabalago batean murgiltzeko aukera du, gai baten inguruko ezagutza modu progresiboan eraikitzeko.
Azal berriak eta atari tematikoek estrategia bera partekatzen dute: ezagutza modu antolatu, bisual eta eskuragarrian eskaintzea. Azaletik abiatuta, erabiltzaileak atari tematikoetara irits daitezke, eta handik artikuluetara. Horrek bisiten sakontasuna handitzen du eta ikaskuntza-esperientzia aberasten du.
10.000 artikuluen mugarriak erakusten du euskarazko ezagutza librearen komunitateak duen indarra eta proiektuak etorkizunean hazten eta berritzen jarraitzeko duen gaitasuna.
Txikipedia ezagutu edo bertako edukiak arakatu nahi dituztenek hainbat bide dituzte eskura. Entziklopedia zuzenean bisita daiteke txikipedia.eus helbidean, edo euskarazko Wikipediaren azalean dagoen Txikipedia botoiaren bidez. Proiektuaren eguneroko jardunaren, artikulu berrien eta bestelako berrikuntzen berri izateko, berriz, Txikipediaren Mastodon kontua jarraitu daiteke: @txikipedia@mastodon.eus.

Bisitatu Txikipedia eta erabili app bitartez ere:
Erantzun
Sartu