Teknologia albisteak

Wikilarien udaberriko topaketa, euskarazko Wikipedian editatzen ikasteko

2018-04-17 : 13:58

Euskal Wikilariok Udaberriko Topaketa & Tailerrean elkartuko gara datorren ostiralean, hilak 20, Donostian. Urteko batzarrean Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE) erabaki zuen bi edo hiru hilean behin edizio edo ikasketa topaketak antolatzea, euskarazko wikipedia hornitzen laguntzeko, hasiberri zein beteranoagoentzat, eta hauxe dugu lehen aukera.

Deialdi irekia da hala nahi duten wikilari guztiak, EWKEko kideez gain, bertaratu daitezen, patxadaz zerbait ikasi, nork bere ekarpena egin eta beste wikilari batzuekin egoteko.

Elkarren berri izateaz gain, bilkuraren helburua da bi orduz wiki komunitatean artikulugintzan sumatzen diren ohiko duda-muda praktiko eta teknikoak argitzea. Wi-Fi eskueran noski. Laguntza orri berritua aurkeztuko dugu, Ikusizko Editorearen garapenari lotuta. Ohiko zalantza batzuk argitu eta, gero, elkarrekin arituko gara nor bere artikulua lantzen eta elkarri laguntzen.

Bakoitza bere mailatik, euskarazko Wikipediaren mesedetan:

  • Sekula ez duzula ezer editatu? lehen laguntza emango dizute beste wikilariek.
  • Editatzen bazabiltza baina ez dituzu oraindik txantiloiak kontrolatzen? wikilari espertoago batek azaldu ahal izango dizu.

Topaketa da apirilaren 20an, ostiralarekin, Donostiako Komikigunean (Errege-erregina Katolikoen kalea, 16). Ordua: 17.30. Iraupena: 2 ordu inguru. Ohar inportantea: nork bere ordenagailu eramangarria ekarri dezala.

 

Erantzun

Sartu