Zabalik dago Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea
- Azokan parte hartu nahi dutenek webgunean eman behar dute izena.
- 2027ko maiatzaren 5etik 8ra egingo da azoka, Bilbon.
- Ikasturtean zehar egindako zientzia- eta teknologia-proiektuak erakutsiko dituzte 12-18 urte bitarteko gazteek.
Zabalik da Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek Elhuyar Zientzia Azokaren webgunearen bidez egin dezakete izen-ematea.
2027ko edizioa maiatzaren 5etik 8ra egingo da, Bilbon. Lau egunetan zehar, DBH eta Batxilergoko ikasleek ikasturtean zehar garatutako zientzia eta teknologiako proiektuak aurkeztuko dituzte azokan, eta Euskal Herriko ikastetxe guztietako gazteek parte hartu dezakete. Zientzia eta teknologiako proiektuak ezagutarazteaz gain, euskararen erabilera sustatzea ere bada Elhuyar Zientzia Azokaren asmoa.
Ikertzaileen laguntza, gazteen proiektuei bultzada emateko
Elhuyar Zientzia Azokak, beste urte batez, gazteak eta ikertzaileak elkartuko ditu zientzia- eta teknologia-proiektuak garatzeko. Dagoeneko Euskal Zientzia eta Teknologia Sareko 200 ikertzaile baino gehiagok eman dute izena, gazteei beren ideiak garatzen eta proiektuak gauzatzen laguntzeko, eta horietatik % 60 emakumeak dira. Gainera, oraindik ere badute ikertzaileek aurtengo edizioan izena emateko aukera.
Ikertzaileen ekarpena funtsezkoa da gazteek beren jakin-minetik abiatuta ikertu, esperimentatu eta proposamen berriak garatzeko. Hala, Elhuyar Zientzia Azokak ikasleen eta ikerketa-munduko profesionalen arteko zubi-lana egiten jarraitzen du, gazteek lehen eskutik ezagut dezaten zer den ikertzea eta zientzia eta teknologia eguneroko bizitzan aplikatzea.
15 urte zientzia eta teknologia sustatzen
Elhuyar Zientzia Azokak 15 urte beteko ditu aurten. 2013an lehen edizioa egin zenetik, gazteen ideiei eta zientziarako jakin-minari bidea ematen aritu da, eta 9.500 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte ekimenean. Guztira, 2.500 ikerketa- eta teknologia-proiektu baino gehiago aurkeztu dituzte.
Urte hauetan, gainera, azokak gero eta parte-hartzaile gehiago eta askotarikoagoak bildu ditu. 2026an Bilbon egindako azken edizioan, 640 gaztek baino gehiagok 160 proiektu aurkeztu zituzten denera, eta nazioarteko parte-hartzaileak ere izan ziren. Zenbakiek erakusten dute Elhuyar Zientzia Azoka erreferente bihurtu dela gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzeko eta haien proiektuak ezagutarazteko.
Aurreko edizioan saria lortu zutenek eta honako honetan saria lortzen dutenek aukera izango dute nazioarteko zenbait azoka bisitatzeko, bai eta Euskal Herriko ikerketa-zentroetara hurbiltzeko ere, benetako profesionalak gertutik ezagutzeko.
Elhuyar Zientzia Azokaren babesleak: Eusko Jaurlaritza, FECYT Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioa - Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioa, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua, Euskadiko Parke Teknologikoa eta Erabi.
Erantzunak kargatzen...