Teknologia albisteak

ON Zientzia sariketaren irabazleak Teknopolisen ezagutuko dira, asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia
2020-06-11 : 10:53

DIPCk eta Elhuyarrek antolatzen duten ON Zientzia bideo-lehiaketaren 10. edizioko saridunen berri emateko ekitaldiak berezia izan behar zuen aurten, lehiaketaren lehen hamarkada ere ospatzeko. Ezohiko osasun-larrialdi egoerak mundu birtualera mugatu du ospakizuna, baina ekitaldia erakargarria izango da nolanahi ere: Teknopolis telebista-saioak programa berezia prestatu du ON Zientzia lehiaketako saridunen berri eman eta egileak elkarrizketatzeko. Egun eta ordu hauetan ikusi ahal izango da:

  • Ekainaren 13an, larunbatean, 13:30ean ETB1en.
  • Ekainaren 14an, igandean, 13:30ean ETB2n.

Covid-19aren krisiak sari-banaketaren ekitaldiari eragin badio ere, ez da halakorik gertatu lehiaketako parte-hartzearekin: inoiz baino lan gehiago jaso dira aurtengo edizioan, 89, eta bereziki nabarmentzekoa da erabateko genero-oreka egon dela parte-hartzaileen artean. Lanen gaiak ere askotarikoak izan dira, ohi bezala, hasi klima-aldaketatik, astronomiatik pasa, eta askotariko bitxikerietaraino. Ez da falta izan, halaber, covid-19ari buruzko lanik.

Honenbestez, asteburuko Teknopolis saioaren ikus-entzuleek aurtengo edizioan saritutako bideo laburren proiekzioekin eta egileen adierazpenekin gozatu ahal izango dute. Kategoria hauetako sariak banatuko dira:

  • Dibulgazio-bideo onenaren saria (3.000 €).
  • Euskarazko bideo onenaren saria (2.000 €).
  • Gazte Saria (1.000 €).
  • Publikoaren Saria (500 €).

Hauek dira ON Zientziaren edizio honetako epaimahaia osatu duten kideak: Marian Iriarte, UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekanoa eta zientzia-dibulgatzailea; Onintze Salazar, Euskalmeteko fisikaria; Txema Muñoz, Euskadiko Filmategiko kidea eta Kimuak programaren arduraduna; Nora Gonzalez, Fisikan doktorea eta DIPCko komunikazio-arduraduna; eta Nagore Rementeria, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria.

Asteburuko emisioaren ondoren, internetez ere ikusi ahal izango da saioa, bai ON Zientzia lehiaketaren webgunean bai Teknopolis saioarenean.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu