Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Tolosaldea Garatzen-ek eta Elhuyar-ek, eskualdeko alkateekin batera, Tolosan egindako Bizilabe Tolosaldea-ren aurkezpenean. Tolosaldean, STEAM (Zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) alorrean eta horiei lotutako profesioetan parte-hartze handiagoa izateko, eskualdeko komunitatearekin hausnartzea eta sustapen lana egitea da proiektuaren helburua.
Tolosaldea Garatzen-ek, 2018an onartu zuen TOLOSALDEA SARETZEN Plan Estrategikoan (2018-2025), “Eco-Industria 4.0” lan programaren barruan, “Formazioa eta Talentua barneratzea eta sustatzea” lan ildoa. Testuinguru horretan eta helburu horiei erantzuteko, BIZILABE TOLOSALDEA proiektua abiatu da eskualdean, Elhuyarrekin elkarlanean. Horren adierazle, gaur sinatu dute hitzarmena Iker Urruzola Aizpuruak, Tolosaldea Garatzen-eko Lehendakariak, eta Jon Abril Olaetxeak, Elhuyarreko Zuzendari Nagusiak. Bertan izan dira, udaletako alkateak ere.
Bizilabe Tolosaldean
STEAM edukietan sakondu eta STEM bokazioak piztearekin, Tolosaldeko beharrei erantzuteko asmoa du, Tolosaldeko Bizilabek. Gaur sinatutako hitzarmenak, honako ekintzak jasotzen ditu:
Hezkuntza arautuko ikastetxeetako arduradunei, Udal teknikariei eta eskualdeko enpresei trebakuntza eskaintzearekin batera, euren STEAM arloarekiko eta Bizilaberekiko konpromisoa lortu nahi da.
Eskualdeko gazteen artean STEAM arloari buruzko eta STEM profesioen inguruko pertzepzio azterketa egingo da.
Eskualdeko herrietan tailerrak eskainiko dira eta urte osoko jarduera jarraitua eskeiniko duen zentro pilotu bat martxan jartzea bilatuko da.
Elhuyarren filosofiarekin bat
Elhuyarrek elkarlana sustatu nahi du eta nolabait komunitatea eratu, Bizilabe ikerketa-zentroen sarea hedatuz. Beste eragile batzuekin elkarlanean egin nahi ditu proiektuak. Kasu honetan Tolosaldea Garatzenekin eta, beraz, Tolosaldeko Udalekin, eta bailarako enpresa eta eragileekin eramango da aurrera Bizilabe Tolosaldea, eskualdeko gazteek etorkizuneko STEAM alorrean tokia izan dezaten.
Erantzun
Sartu